Eduki publikatzailea
Atzealdea Amalur Landu prozesua
‘AMALUR LANDU’ PROZESUAN PARTE HARTZEKO DEIA EGIN DU ZARAUZKO UDALAK
2024/12/05
Zarauzko Udalak Amalur parkearen inguruko parte-hartze prozesua martxan jarri du. Prozesu honek helburu du herritarren iritzia ezagutzea eta herritarrek lehenesten dituzten erabilera-programak eta horiei lotutako azpiegitura beharrak identifikatzea. “Prozesu honen bitartez, Zarauzko erdigunean daukagun 25.000 m2-ko birika berdea elkarrekin definitzeko aukera paregabea daukagu” adierazi du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Partaidetza zinegotziak.
Prozesuari, asteartean, Santa Klara komentuan gauzatuko den saioak emango dio hasiera. Bertan, prozesuaren nondik norakoak azalduko dira (xehetasunak, helburuak, egutegia, faseak eta metodologia), baita inspirazio-iturri gisa baliagarriak diren beste parke batzuetako adibideak ere, eta ekarpenak egiten hasteko lehenengo ariketa batean parte hartzeko aukera izango da. Lehen saio hori Santa Klara komentuan egingo da, abenduaren 10ean, 18:00etatik 19:30era.
Asteartetik aurrera eskuragarri egongo da Udal webguneko ‘Parte hartu’ atalean prozesuaren inguruko informazioa, baita Amalur parkearen inguruan herritarren ekarpenak jasotzeko online galdetegia betetzeko esteka ere. Galdetegi hori paperean eskuz betetzeko aukera ere izango da. HAZen eta Sanz Enean eskuratu ahal izango dira galdetegiak eta Aurrekontu Partehartzaileetarako ekarpenak egiteko jarri ohi diren buzoietan jasoko dira. Prozesuaren lehen fasea abenduaren 10etik urtarrilaren 17ra bitartean luzatuko da.
Parte-hartze prozesuaren bigarren fasean, otsailean, giza-talde desberdinekin dinamikak antolatuko dira. Antzeko ezaugarriak dituzten pertsonak talde txikitan bilduko dira elkarrekin hausnartu eta lehen fasean jasotako ekarpenak aberasteko eta ikuspegi anitzak txeratzeko.
Ondoren, bigarren saio ireki bat antolatuko da, zarauztar guztiei zabalik. Saio horretan aurreko saioetan jasotako informazioa kontrastatu eta eztabaidatuko da, pertsonen arteko ideia trukaketa ahalbidetuko duen kolaborazio-dinamika baten bidez. Saio hori otsailaren 25ean egitea aurreikusi da, 18:00etatik 19:30era, Santa Klara komentuan.
Prozesuari amaiera emateko bileran, panel baten bidez, adostu diren proposamenen berri eman eta horien inguruko iruzkin edo ekarpenak jasoko dira. Azken bilera martxoaren 25ean egingo da, 18:00etatik 19:30era, Santa Klara komentuan.
“Gure helburua da parte-hartzea ahalik eta zabalena eta anitzena izatea” azaldu du Oiarbidek, “ahalik eta zabalena izan dadin, modu desberdinetan parte hartzeko aukera jarri dugu zarauztarren eskura (bilerak eta galdetegia, online nahiz paperean) eta ahalik eta anitzena izan dadin, giza-talde desberdinen iritziak jasotzeko taldekako dinamikak egingo ditugu”. “Amalur parkea guztion parkea izateko oso garrantzitsua da guztiok gure aletxoa jartzea” esanez luzatu die Partaidetza zinegotziak zarauztarrei prozesuan parte hartzeko eskaera.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010