Eduki publikatzailea

Atzealdea Amalur Landu lehen fasearen amaiera

Twitter

280 ZARAUZTARREK EMAN DUTE BERE IRITZIA ‘AMALUR LANDU’ PROZESUAN PARTE HARTZEKO GALDETEGIAREN BITARTEZ

2025/01/24

Urtarrilaren 17an amaitu zen ‘Amalur Landu’ parte-hartze prozesuaren baitan ekarpenak egiteko galdetegia betetzeko epea. Behin galdetegiak aztertu eta horietan egindako ekarpenen inguruko ondorioen txostena eginda, amaitutzat emango da prozesuaren lehen fasea. Prozesuaren hasierako fase honen abiapuntua izan zen Santa Klara komentuan, abenduaren 10ean, 100 zarauztar ingururekin egin zen saio irekia eta bertan emandako azalpenen ondoren jarri zen galdetegia erantzuteko aukera zarauztarren esku. Geroztik, 280 galdetegi jaso dira, 256 on-line eta 24 paperean, eta galdetegiaz aparteko beste 7 idatzi ere jaso ditu udalak.

Lehen fasea amaituta, bigarrenari heltzeko prestaketa lanetan ari da parte-hartze prozesua aurrera eramateko ardura duen lan-taldea. Fase berri hori otsailaren 10etik 14ra gauzatuko da eta bertan interes-talde jakin batzuekin egingo dira lan-saioak focus group dinamikaren bitartez. Focus group dinamika parte-hartze prozesuetan erabili ohi den metodologia bat da, non pertsona talde txiki bat biltzen den proiektuari buruzko iritzia, ideiak eta ekarpenak partekatzeko. Talde hori interes edo ezaugarri komunak dituzten pertsonek osatzen dute eta helburua da parkearen erabilerari eta potentzialari buruzko galdera zehatzen inguruan lan egitea. Horrek eragile jakin horien esperientziak, ikuspegiak, behar garrantzitsuenak eta irtenbide posibleak identifikatzen lagunduko du, ezaugarri, behar eta ikuspegi desberdinak uztartuz.

“Eskerrak eman nahi dizkiet lehen fase honetan parte hartu duten zarauztar guztiei, bai lehen saiora bertaratu zirenei, baita galdetegia osatzeko euren denbora eskaini eta inplikazioa erakutsi duten 280 herritarrei ere”, adierazi du Garbiñe Oiarbide (EAJ-PNV) Partaidetza zinegotziak. “Bigarren faseko taldekako dinamikak egin ondoren beste saio ireki bat deituko dugu jasotako ondorioak azaldu eta lantzeko”.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010