Eduki publikatzailea
Atzealdea

akordioa Santa Klara komentuaren salerosketarako

Twitter

BIDAURRETAKO HIRUTASUN GUZTIZ SANTUAREN MONASTERIOKO KLARATARREK ETA UDALAK AKORDIOA LORTU DUTE SANTA KLARA KOMENTUAREN SALEROSKETARAKO

2021/02/15

Azken urteotan Xabier Txurruka, Zarauzko alkateak, Udalaren ordezkari gisa, Oñatiko Bidaurreta Monasterioko Erlijiosen Elkartearekin izandako bilera ugariek, azkenean, bi aldeentzat egokia den akordioa lortu dute Santa Klarako komentua eta lurrak salerosteko.

Zarauzko Udalak Santa Klarako komentua eta bere lurrak erosiko ditu 5.129.422,98 euroko prezioan, lau urtetan ordainduko direnak: zehazki, 2024 urtea bitartean, urtean 1.282.355,75 euro ordainduko dira. 2021eko ekitaldi honetarako udal-aurrekontuan erosketarako nahikoa kreditu aurreikusi da eta, aldi berean, Udalean ordezkaritza duten talde politikoek aho batez babestutako erabakia da.

Zarautzen bost mende baino gehiago egon ondoren, 2017ko uztailean Klaratarrak Oñatiko Bidaurreta Monasteriora joan ziren. Mojek alkateari adierazi zioten nahiago zutela Udalak eraikina erostea, Zarauzko herriarentzako interes orokorreko erabilera publikora bideratzeko. Izandako elkarrizketetan, mojek adierazi dute salmentatik eratorritako diru-sarrerak komunitateko 26 ahizpen beharretara eta Bidaurretako klaratarren ondare guztia mantentzera bideratzeko borondatea dutela, erkidego horretan sartu baitziren Zarauztik joandako lau mojak. Oñatiko komentura joan ziren lau erlijiosoetatik, adinekoak ziren hiru, zendu dira dagoeneko.

Alkatea "Klaratarren Ordenak hartutako erabakiarekin oso eskertuta" agertu da, "lursailak eta eraikinek udalerrirako duten balioa eztabaidaezina baita". Txurrukak gaineratu duenez “elizak, klaustroaren inguruko komentuak eta ondoko lau eraikin txikik osatzen duten eraikuntza-multzoaz ari gara. Multzoaren azalera eraikia 4.500 metro karratu ingurukoa da, eta partzelaren azalera osoa, harresiz inguratua, 12.000 metro karratu ingurukoa”.

"Bi aldeak gustora utzi gaituen akordio batera iritsi garela uste dut. Zarauztarrentzat albiste bikaina da, azkenean, Udala izatea komentuaren eraikina, haren inguruak eta Santa Klarako mojen Ordenaren jabetzako lursail osoa erosiko duena, ekipamendu publiko gisa erabiltzeko" dio Txurrukak. Alkatearen ustez, halaber, estrategikoa eta pozgarria da komentuko lurrak erostea Salberdin, Azken Portu eta Santa Klara kaleko urbanizazioetako espazio libreetara batzeko, Zarauzko "erdigunean birika berde paregabea" lortzeko.

"Santa Klarako tren azpi pasabidearekin eta ETSren geltoki berriaren azpiko pasabideari esker (laster esleituko da ere proiektu hori), zeinak Salberdingo eta "geltokiko parkea" lotuko dituen, parke berriak are zentralitate eta garrantzi handiagoa lortuko du, iparraldea eta hegoaldea hurbilduz. Nire ustez, Zarautz erdialderako hirigintza-iraultza izango da hau. Eta hauek ez dira promesak, dena martxan baitago", azpimarratu du Xabier Txurrukak

Aukera paregabea Zarautzentzat

"Gainera, eraikina udal-ondare gisa eskuratzeak aukera paregabea ematen du zerbitzuak bateratu eta gaur egun udalerriko hainbat eraikinetan banatuta dauden jarduerak birkokatzeko. Hala ere, Udalak, lehenik eta behin, Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin adostu eta definitu beharko ditu egin daitezkeen esku-hartzeak, eraikin-multzoa babestuta dagoelako eta etorkizuneko jarduerek foru erakundearen eta autonomikoaren oniritzia beharko dutelako", zehaztu du Txurrukak.

Alkateak gaineratzen duenez, "proposamen asko entzun dira ekipamendu honek etorkizunean izan ditzakeen erabilerei buruz. Hala ere, eta pausoz pauso, lehenik Zarautz 2030 Planetik udal eraikinen sarea eta egungo erabilerak aztertu beharko ditugu eta, ondoren, partaidetza-prozesu bat abian jarri, herritarrek, teknikariek eta inplikatutako gainerako eragileek euren proposamenak partekatu ahal izateko, egungo komentuaren etorkizunerako proposamenik onena eta egokiena bideratze aldera".

"Udalak eta udalerriko hainbat erakundek ekitaldi programazio zabala antolatzen dute urte osoan zehar, baina, askotan, mugatuak izaten dira, ekitaldi handiagoetarako leku egokirik ez dagoelako. Santa Klara komentuak eta haren inguruak aukera paregabea eskaini dezakete gure herrian antolatzen diren  hainbat ekitaldi indartzen jarraitzeko", adierazi du alkateak.

Komentuak historia du

Santa Klarako komentu-multzoa María Ana de Zarautz y Gamboa andereak sortu zuen 1611ko maiatzaren 1ean. Hogei bat urtez, Lermatik etorritako mojak Narrosen kokatu ziren, fundatzailearen jauregian, non Klarisen komentua ezarri zen.

Santa Klara komentua 1611n hasi zen eraikitzen eta 1625ean amaitu zen. Beranduago eraiki zen eliza, Miguel Esnaolaren 1656ko lana, barrokoa da. Barruan, Santa Klarari eskainitako egur polikromatuzko XVIII. mendeko erretaula bat ikus daiteke.

Eraikin multzoa interes kulturalekotzat jo zen 1964ko urtarrilaren 17ko Aginduaren bidez (1964ko otsailaren 29ko BOE), eta Zarauzko udalerriko interes bereziko ondasun katalogoan agertzen da.

 


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010