Zarauzko Emakumeen* Etxeak ateak ireki ditu. Bertan, aholkularitza juridikoa eta psikologikoa jasotzeko aukera dago.
Arreta aurrez aurrekoa izango da Zarauzko Emakumeen* Etxean (Nafarroa kalea 3-C, behea). Ordutegia: 16:00etatik 20:00etara, asteazkenetan.
Hitzordua aurretik eskatu behar da: 943005117 – emakumeen-etxea@zarautz.eus
Arreta DOAKOA izango da eta KONFIDENTZIALTASUNA bermatuko da une oro.
Bertako profesionalekin egon gara hizketan. Ana Aranguren da bertako psikologoa:
- Kaixo Ana, zein da Zarautzen eskaintzen duzuen aholkularitza psikologikoaren helburu nagusia?
Funtsezko helburua 18 urtetik gorako emakumeei laguntza eskaintzea da informazioa eta saio terapeutikoak emanez. Sortzen zaizkien gatazkei eta krisi-egoerei aurre egin ahal izateko baliabide pertsonalak garatu eta sustatu ditzaten.
-Zein motatako eskaerak jasotzen dituzue?
Mota guztietako eskaerak jasoko ditugu banakako arreta eskainita, ondoeza eta sufrimendu desberdinekin etorritako emakumeek konfiantzazko gune bat izan dezaten.
-Noiz eskaintzen da zerbitzu hau?
Zerbitzu hau datorren hilean, azaroan, jarriko da martxan eta asteartero zabalduko ditu ateak arratsaldeko 16:00tatik 20:00tara.
-Zer egin behar da zerbitzu hau eskatzeko?
Bizi dugun egoera dela eta eskaerak telefono bidez edota emailez egin beharko dira. Behin hauek emakumeen etxean jasoak, bertako langileak izango dira hitzorduak emango dituztenak.
-Ze gomendio emango zenieke arazo pertsonalak, antsietatea edo bikote arazoak dituzten emakumeei?
Zerbitzura hurbildu eta gurekin harremanetan jartzea aholkatuko nieke, aurrez aurreko hitzordu bat adosteko.
-Zenbat ordaindu behar da zerbitzu hau lortzeko?
Zerbitzu honetako hartzaileek ez dute ordaindu beharko bere mugak izango dituen arren, bost izango baitira, gehienez, erabiltzaile bakoitzarekin burutu ahalko diren saioak.
Aholkularitza juridikoa Judith Esnal eta Natalia Damian abokatuek eskainiko dute.
-Kaixo bioi, zein da Zarautzen eskaintzen duzuen aholkularitza juridikoaren helburu nagusia?
Zarauzko emakumeak lagundu, beraiek dituzten zalantzak juridikoki erantzuten eta aholkatzen.
-Zein motatako eskaerak jasotzen dituzue?
Oraindik zerbitzuaren hasieran gaudenez ez dugu erantzun zehatzik bainan pentsatzen dugu gehienbat, indarkeria, banaketak, lan arloko zalantzak eta atzerritar eremuko gaiak batik bat.
-Noiz eskaintzen da zerbitzu hau? Non?
Zerbitzua Zarauzko Emakumearen Etxean, Nafarroa kalea 3 zenbakian, asteazkenetan arratsaldeko lauretatik zortzirak arte.
-Zer egin behar da zerbitzu hau eskatzeko?
Txanda hartu behar da, telefonoz deituz 943005117 edo email bat bidaliz: emakumeen-etxea@zarautz.eus posta elektronikora edo Emakumeen-Etxera urbilduz, txanda hartzeko.
-Ze gomendio emango zenieke dibortzioa eskatu, etxea utzi edo indarkeria jasaten ari diren emakumeei?
Guk kasu bakoitzeko arreta emango dugu. Ezin da orokorrean hitz egin, kasu bakoitza ikusi beharko dugu. Arreta pertsonalizatu, egokitua eta konfidentziala emango dugu.
-Zenbat ordaindu behar da zerbitzu hau lortzeko?
Zarauzko Udalak eskeinitako zerbitzua da, beraz dohainik izango da.