Eduki publikatzailea
Atzealdea

783.000 euroko dirulaguntza negozioentzat

Twitter

UDALAK 783.000 EURO BIDERATUKO DITU NEGOZIOETARA

2020/12/07

Zarauzko Udalak premiazko laguntza berri bat jarriko du martxan Zarauzko ostalaritza eta merkataritza negozioei zuzenduta.

Jesús Arana (EAJ-PNV) Ekonomia zinegotziak adierazi duenez, "COVID-19k eragindako bigarren olatuarengatik ezarritako murrizketen ondorioz, ostalaritzako negozio gehienek hilabete daramate itxita Zarautzen. Hogei bat baino ez dira enkarguak egiten edo etxetara janaria banatzen ari direnak. Badakigu krisi honek asko eragin diola sektore honi, horregatik, laguntza berri hau jarriko dugu martxan ".

Aranak zehaztu duenez, "783.095,10 euroko zenbatekoa udan onartu ziren laguntzetan banatu ez zen dirutik dator. Hauetatik 230.000 euro inguru banatu ziren gure herriko 230 negozioetan".

Laguntza deialdi berri honetan, egoitza Zarautzen duten negozio guztiak apuntatu ahal izango dira, baldin eta derrigorrezko itxierak edo COVID-19 egoerak eragin badie, eta azaroaren 6tik aurrera diru-sarrerak %40 baino gehiago murriztu bazaizkie. Ez da langile kopuruan mugarik egongo laguntza jaso ahal izateko.

Era berean, arindu egin dira prozesua eta laguntzak ematea; izan ere, eskabidearekin batera zinpeko deklarazio bat txertatu da, eskatzaileak laguntzak eskura ditzakeela adierazten duena. Udalak, ondoren, informazioa eskatu ahal izango die eskatzaileei, beharrezko egiaztapenak egiteko.

"Berrikuntza gisa, eta izapideak arindu ahal izateko, Turismo Bulegoko teknikariek interesdunei aholkuak emango dizkiete aurkeztu beharreko dokumentazioa betetzeko prozesuan", nabarmendu du Aranak.

Eskabidea HAZ-eko bulegoan (Kale Nagusia 29) erregistratu beharko da, aurrez aurre, edo telematikoki Zarauzko Udaleko webgunean. Zerbitzuaren ordutegia honako hau da: astelehenetik ostiralera, 7:30etik 15:00etara, eta ostegun arratsaldetan, 17:00etatik 19:00etara.

Enpresaren NANaren eta IFKren kopia, eskabide-eredua eta erantzukizuneko adierazpena aurkeztu beharko dira.

%100eko hobaria krisiaren eragina izan duten sektoreekin lotutako tasetan

Laguntza lerro berri honez gain, Zarauzko Udalak jakinarazi du %100eko aparteko hobaria aplikatuko zaiela eragindako sektoreei, hiru tasen zenbatekoaren gainean: terrazak, ibilgailuak finken barruko aldera sartzea eta pasabide lizentziak.

Hobari hori aplikatu ahal izateko, "abenduaren amaieran egingo den osoko bilkuran, 2020ko Ordenantza Fiskaletan aldaketa bat egingo da", aurreratu du Aranak.

Terrazen tasari dagokionez, %100eko aparteko hobaria aplikatuko zaio 2. denboraldiari dagokion zenbatekoari (2020ko azarotik 2021eko martxora). Zenbateko hau itzuliko zaie tasa hori ordaindu duten establezimenduei.

Era berean, %100eko aparteko hobaria aplikatuko da "ibilgailuak finken barruko aldera sartzea" (aparkaleku erreserba) eta "pasabide lizentziak" tasaren gainean, 2020. urteari dagokionez, tasaren subjektu pasiboa EJSNren honako epigraferen batean sartuta dagoenean: 5510, 5520, 5530, 5590, 5610, 5629 edo 5630. Beraz, Udalak itzuli egingo die bi tasa horiengatik 2020. urtean ordaindutako zenbateko osoa.

Azkenik, 2021ean, "pandemiaren egoeraren arabera, hobari berriak" adostu ahal izango dituztela aurreratu du Aranak.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010