Eduki publikatzailea

Atzealdea 41 Lizardi Saria garailea

Twitter

YOLANDA ARRIETAK IRABAZI DU 41. LIZARDI SARIA

2022/09/28

Yolanda Arrieta Malaxetxebarria bizkaitarrak irabazi du aurtengo Lizardi Saria, Mari Gonagorri eta hamazazpi berri lanarekin. Arrietak obra oparoa eta luzea dauka haur eta gazte literaturan argitaratua, eta sari ugari eskuratu ditu alor horretan. Besteak beste, Euskadi Literatura Saria irabazi zuen 2015ean, Argiaren Alaba eleberriarekin.

Aurtengo edizioan, haur literatura izan da ardatz eta, guztira, 13 lan aurkeztu dira sariketara. Epaimahaia Castillo Suarezek, Kati Olaizolak eta Ibon Egañak osatu dute eta honakoa adierazi dute Arrietaren narrazioaren inguruan: “Egitura eta hizkuntza oso landuak ditu liburuak. Bikain egituratu eta jositako kapitulu laburrek jakinmina sortzen dute eta irakurketari erritmoa ematen diote. Haurren irakurketa-erritmoarekin bat egiten duen egitura du liburuak eta atalka, ahots goran, helduek eta haurrek elkarrekin irakurtzeko aproposa da. Izan ere, ahozko haur literaturaren tradiziotik edaten du liburuak eta idazleak ederki ustiatzen ditu baliabide horiek guztiak: errima, musikalitatea, hitz-jokoak eta haur poesia trebetasunez ekarri ditu paperera. Elkarrizketa ugari eta biziek ere erritmoa eta bizitasuna ematen diote kontakizunari eta, hala, hizkuntzarekin jolas egiteko narrazio aparta da Mari Gonagorri eta hamazazpi berri”.

Sarituak 5.500 euro jasoko ditu, eta Udalak beste 1.000 euro jarriko ditu liburua argitaratzerakoan ilustratzailearen lana ordaintzeko. Sari banaketa ekitaldia datorren apirilaren 2an ospatuko da, Zarauzko Modelo Aretoan, Haur eta Gazte Liburuaren Egunarekin bat eginik.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010