Eduki publikatzailea
Atzealdea

34. Udako Musikaldia

Twitter

SANTA KLARAN IZANGO DIRA AURTENGO UDAKO MUSIKALDIKO KONTZERTUAK

2022/07/28

Datorren ostiralean, abuztuaren 5ean, hasiko da Udako Musikaldiaren 34. edizioa Zarautzen. Guztira lau kontzertu eskainiko dira eta Santa Klarako elizan izango dira emanaldiak. Irune Urbieta (EAJ-PNV) Kultura zinegotziak adierazi duen moduan, “Udako Musikaldiaren helburua abuztuan herritar zein bisitariei musika klasiko zein garaikideko programa bat eskaintzea da. Horretarako, musika estilo hau bere zentzurik zabalenean hartu eta bertako zein kanpoko proposamenei leku egiten saiatu gara, programa anitza eta publiko guztientzat gustukoa izateko”.

Abuztuaren 5ean emango zaio hasiera musika zikloari Forma Antiqva taldearen emanaldiarekin. Moko txirula, biolina, biolontxeloa, gitarra barrokoa eta klabeak osatutako musika-formazio honek kontzertua eskainiko du G.P. Telemmannen Sonata eta Trio Sonatas programarekin.

Bigarren kontzertua abuztuak 13an, larunbatean izango da, Cuarteto Seikilos-en eskutik etorriko da eta 2 biolin, biola eta biolontxelok osatzen duten talde honek  La Generación de los maestros  kontzertua eskainiko du, Joaquin Turinaren, Conrado del Camporen, Julio Gómezen eta Maurice Ravelen lanak interpretatuz.

Hirugarren kontzertuak Iparraldeko LagunArte musikari hirukotea izango du protagonista Santa Klaran, abuztuaren 19an. Bilontxeloa eta biolinez gain, kantuan ere arituko dira eta hainbat euskal sortzaileen hitzak eta musika interpretatuko dituzte Habia izenburua duen kontzertuan. Bitoriano Gandiagaren, Beñat Etxepareren, Etxamendi eta Larralderen eta Joseba Sarrionandiaren hitzak, besteak beste, Kristof Hiriarten musika eta moldaketekin.

Abuztuaren  26an, txistu eta akordeoi doinuez amaituko da aurtengo 34. Udako Musikaldia. Garikoitz Mendizabal txistuarekin eta Gorka Hermosa akordeoiarekin, azken honen konposizioek osatutako ikuskizuna eskainiko dute.

Kontzertu guztiak ostiraletan izango dira, 20:00etan, Santa Klarako elizan, abuztuaren 13koa izan ezik (larunbatean, auzoko jaiak direla eta). Sarrera librea izango da edukiera bete arte.

Akustika hobetzeko lanak Santa Klaran

Santa Klarako elizak Udako Musikaldi honetako kontzertuak hartu ahal izateko, bertako akustika hobetzeko eskuhartze bat egin behar izan du bertan Udalak, espazio honek ez baitzituen jarduera horretarako baldintza egokiak betetzen. Elizaren erreberberazio-denbora ez zen egokia kalitatezko entzunaldia bermatzeko eta, hori hobetu nahian, tratamendu akustiko bat egin da elizako paretetan. Tratamendu hau pintura bidez egin da, kolore zuriko pintura akustikoarekin paretak margotuz, elizaren erreberberazio-denbora jaitsiz. Eko Ingeniería Acústica S.L. enpresa arduratu da azterketa akustikoa eta tratamendua egiteaz.


Web edukia bistaratu

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010