Eduki publikatzailea

2030 Onartuta

Twitter

AHO BATEZ ONARTU DA ZARAUTZ 2030 PLAN ESTRATEGIKOA

2022/10/28

Urriko ohiko bilkuran, Udaleko Osoko Bilkurak oniritzia eman dio datozen urteetan herrian ezarriko den Zarautz 2030 Plan Estrategikoari. Dokumentuak alderdi politiko guztien aho bateko babesa jaso zuen, eta horrek erakusten du plan estrategiko honen azken emaitzan adostasun zabala lortu dela.

Proiektu Estrategiko eta Berrikuntzako zinegotzi arduraduna den Iker Basurko (EAJ-PNV) pozik agertu da azken dokumentua onartu ondoren: “eskerrak eman nahi dizkiet Zarautz 2030 Plan Estrategiko hau osatzeko lanean parte hartu duten guztiei. Eskerrak eman nahi dizkiet plana egin duen taldeari, herritarrei entzute aktiboaren prozesuan borondatez erantzuteagatik, barne-bileretan parte hartu duten Zarauzko Udaleko langileei eta alderdi politikoei, plan hau guztion artean aurrera ateratzeko azaldu duten borondateagatik. Jasotako ekarpen guztiek, zalantzarik gabe, aberastu egin dute amaierako dokumentua”.

Prozesuak urtebete baino gehixeago iraun du, eta funtsezko hiru premisa kontuan hartuta gauzatu da: objektibotasuna, parte-hartzea (herritarrak, Udaleko langileak eta alderdi politikoak) eta gardentasuna. Azken batean, egindako lanak 5 ildo estrategiko, 22 programa eta 117 ekintza biltzen ditu. Bost ildo estrategikoak hauek dira:

1.    Etorkizuneko gizartea, berdintasunezkoa, solidarioa eta enpatikoa.
2.    Osasunaren ikuspegi integrala ongizatearen oinarri gisa.
3.    Zarautz udalerri orekatua eta jasangarria.
4.    Pertsona guztientzako jasangarritasunean eta enpleguan oinarritutako ekonomia.
5.    XXI. mendeko gobernantza-eredua.

Zarautz 2030 Plan Estrategikoa prozesu berezia bilakatu da, berrikuntza sozialekoa, erreferentziala eta hainbat erakundek goraipatua. Zarauzko Udalak egindako urratsak bidea erraztu ahal izango die etorkizunean 17+1 Garapen Jasangarriko Helburuei lotutako plan estrategiko propioa egingo duten beste herri batzuei.

“Plan garrantzitsu hau, izan eta gozatu nahi dugun Zarautzi buruzko hausnarketa partekatua da, baita hurrengo belaunaldiei zer ondare utzi nahi diegun erabakitzea ere. Zarautz 2030 Planak datozen urteetan jarraitu beharreko norabidea markatzen du, Udalak eta zarauztar gizarte osoak bete beharreko ibilbide orria da”, gehitu du Basurkok.

Proiektuaren behin betiko onarpena formalizatu ondoren, datozen hilabeteetan hainbat ekintza jarriko dira abian norabide horretan lanean jarraitzeko.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010