Alkatea - izenburua
Alkatea
Alkatea
Ongi etorri Zarauzko Udalaren webgunera.
Udal Gobernu ororen helburu nagusiena herritarren beharrei erantzutea da, eta horretarako, ezinbesteko tresna da webgune hau, zarauztarrekin harremanak ahalik eta modu zuzen eta irekienean izatea ahalbidetzen baitu.
Hemen Zarauzko Udalari buruzko informazioa aurkituko duzu. Bertan kontsulta ditzakezu dokumentu publikoak, prozesuak, erabakiak edota bestelako informazio oro.
Zarauztarrek Udala gertu sentitzea bilatzen dugu, eta horretarako, gardentasuna eta alde biko harremana izango dira gure jardunaren ardatza. Udaletxeko ate eta leihoak zabalik dituzu, baina teknologia berriei esker, zauden lekutik ere Udaleko informazio oro eskuragarri egotea eta herritarrekiko harremana erraztea da gure konpromisoa.
Ildo horretan, jakin ezazue gure asmoa webgune hau berritzeko lanetan ari garela, erabilterrazagoa, osoagoa, modernoagoa eta eraginkorragoa izan dadin. Tramite eta zerbitzu berriak eskaini, eta beste batzuk arindu nahi ditugu. Baita gaur egun Udalak sarean dituen atari eta perfilak bateratzea ere.
Udal ireki, garden, azkar eta eraginkorra lortu nahi dugu. Pertsonak helburu izango dituena. Bide horretan, zeure kexu eta proposamenak ere gustu handiz jasoko ditugu.
Adeitasunez,
Xabier Txurruka Fernandez
ESKUMENAK:
Alkatea udal-gobernuko burua da, eta honako eskumen hauek ditu:
-
UDALBATZAKO LEHENDAKARIA da, eta, beraz, Osoko Bilkuraren, Gobernu Batzordearen eta udaleko beste edozein organoren bilkuretarako deialdia egiten du eta bilkuretako buru da. Berdinketak kalitatezko botoarekin erabakitzen ditu. Halaber, Udala ordezkatzen du hirugarrenen aurrean eta auzitegietan.
-
UDAL GOBERNUBURUA da, eta, beraz, Gobernua eta Udal Administrazioa zuzentzen ditu, argitaratzeko agintzen du eta Osoko Bilkuraren erabakiak betearazten ditu, alkateordeak izendatzen ditu, udal zerbitzuak eta obrak ikuskatu eta bultzatzen ditu, eta nolabaiteko erregelamendu-ahalmena erabiltzen du bandoen, dekretuen eta jarraibideen bidez (betiere Udalbatzak onartzen dituen ordenantzen mende).
-
ARLO EKONOMIKOAN, ohiko kudeaketa dagokio, eta gastuak aurrekontuaren barruan xedatzen ditu eta kreditu-eragiketak eta ondasun-erosketak hitzartzen ditu, betiere zenbatekoak bere baliabide arrunten % 10 gainditzen ez badu, eta zenbateko beraren barruan kontratuak egin eta administrazio-emakidak ematen ditu.
-
LANGILEEN ARLOAN, funtzionarioen, lan-kontratudun langileen eta udaltzainen buru da; Osoko Bilkurak onartutako aurrekontuaren eta plantillaren araberako enplegu publikoaren eskaintza onartzen du, langileak hautatzeko proben oinarriak, lanpostuak betetzeko lehiaketak, finkoak eta aldizkakoak ez diren ordainsari osagarriak banatzen ditu, funtzionarioak apartatzea eta lan-kontratuko langileak kaleratzea erabakitzen du, eta Osoko Bilkurari horren berri ematen dio, azken bi kasu horietan, egiten duen lehen bilkuran.
-
HIRIGINTZA ARLOAN, Osoko Bilkurari berariaz esleitu ez zaizkion plangintza orokorra garatzeko tresnak onartzen ditu, bai eta lizentziak eman ere.
-
Berari dagokio AKZIO JUDIZIAL ETA ADMINISTRATIBOAK gauzatzea eta UDALA DEFENDATZEA bere eskumeneko gaietan, eta, premiazkoa bada, Osoko Bilkuraren eskumeneko gaietan. Kasu horretan, Udalari horren berri emango zaio, berresteko egiten duen lehenengo bilkuran.
-
Udalaren ZEHAPEN ORGANOA da, agintaritzari men ez egiteagatik edo udal-ordenantzak hausteagatik.
-
ESKUMENEN HONDAR-KLAUSULAREN arabera, Estatuko edo autonomia-erkidegoetako legeriak udalerriari esleitzen dizkion eta Osoko Bilkurari edo beste organo batzuei erreserbatuta ez dauden eskuduntza guztiak baliatzea dagokio.
Alkateak bere eginkizunak Tokiko Gobernu Batzarraren, bere kideen edo edozein zinegotziren ESKU UTZ DITZAKE, osoko bilkuraren eta tokiko gobernu-batzarraren bilkuretako buru izatea, berdinketak kalitate-botoarekin erabakitzea, kreditu-eragiketak hitzartzea, langile guztien buruzagitza nagusia izatea, bandoak ematea, hirigintza garatzeko tresnak eta hirigintza-planak onartzea, eta akzio judizialak gauzatzea izan ezik. Eskumenen eskuordetzak kontsultatzeko, egin klik hemen.
ALKATEORDEEK, bestalde, alkatea ordezkatuko dute, kargua hutsik badago, edo alkatea kanpoan edo gaixorik badago. Alkateak izendatzen eta ezeztatzen ditu askatasunez, tokiko gobernu-batzarreko zinegotzien artetik. Izendatutako alkateordeak:
- alkateordea: Jesus Arana Gomez Jn. (EAJ-PNV)
- alkateordea: Inaxio Illarramendi Lizarreta Jn. (PSE-EE)
- alkateordea: Irune Urbieta Alberdi And. (EAJ-PNV)
ARAUDIA:
- 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena
- 2/2016 Legea, apirilaren 7koa, Euskadiko Toki Erakundeei buruzkoa.
- 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Erakundeen Antolaketa, Funtzionamendu eta Araubide Juridikoaren Erregelamendua onartzen duena.
- 781/1986 Legegintzako Errege Dekretua, apirilaren 18koa, toki-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duena.
- Zarauzko Udalaren Araudi Organikoa
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010