Asset Publisher

Back Zarautz Elkar Zainduz aurkezpena

Twitter

ZARAUTZ ELKAR ZAINDUZ ABIAN DA, HERRIKO ZAINTZEN ETORKIZUNA ELKARREKIN ERAIKITZEKO EGITASMOA

2026/10/07

Zarauzko Udalak Zarautz Elkar Zainduz ekimena aurkeztu du, zaintzak herriaren agendan erdigunean jartzeko eta Zarautzen zaintzaren inguruko hausnarketa, elkarlana eta antolaketa partekatua sustatzeko helburuarekin.

Prozesuak zaintzaren ikuspegi zabal bat izango du abiapuntu. Zaintza ez da adin edo egoera jakin bati lotutako errealitatea: pertsona guztiok behar ditugu zaintzak gure bizitzako une desberdinetan, eta guztiok gara, era batera edo bestera, zaintzen sarearen parte. Haurtzarotik zahartzarora, autonomia handiko garaietatik laguntza gehiago behar den uneetara, zaintzak pertsonen ongizate fisikoarekin ez ezik, ongizate emozionalarekin, sozialarekin eta komunitateko kide sentitzearekin ere lotuta daude.

“Zaintzaz hitz egiten dugunean, sarritan adinekoen zaintzarekin lotzen dugu gaia. Baina zaintza askoz zabalagoa da. Izan ere, guztiok izan gara zainduak gure bizitzako uneren batean, eta ziurrenik etorkizunean ere zainduak izango gara. Era berean, guztiok gara edo izango gara zaintzaile: familian, lagunartean, auzoan edo komunitatean. Zaintza, beraz, pertsona guztioi dagokigun errealitatea da, bizitzaren etapa guztietan presente dagoena”, adierazi du Jesus Arana (EAJ-PNV) Gizarte Politiketako zinegotziak.

Lehenengo urratsa: Zarautzen errealitatea ezagutzea

Zaintza-eredu partekatu bat eraikitzeko, lehenik eta behin, Zarautzen egungo egoera sakon ezagutzea beharrezkoa da. Horretarako, prozesuaren hasierako fasean bi diagnostiko osagarri egingo dira.

Alde batetik, diagnostiko soziodemografikoa egingo da. Herriko biztanleriaren bilakaera eta egitura aztertuko dira, besteak beste adina, belaunaldien arteko oreka, etxeen eta familien osaera, jaiotzak, migrazioak edo etorkizunerako joera demografikoak kontuan hartuta. Datu horiek Zarautzen gaur egun dauden eta etorkizunean sor daitezkeen zaintza-beharrak hobeto ulertzeko balioko dute. Bestetik, diagnostiko kualitatiboa garatuko da, herritarrek eta herriko eragileek zaintzari buruz duten esperientzia eta ikuspegia jasotzeko. Izan ere, datuek errealitatearen zati bat erakusten dute, baina ezinbestekoa da herritarren eguneroko bizipenak, beharrak, zailtasunak, indarguneak eta proposamenak ere ezagutzea.

Horretarako, parte-hartze prozesu bat jarriko da martxan, hainbat kanal eta tresnaren bidez. Besteak beste, herritarrei zuzendutako galdetegiak, elkarrizketak eta parte-hartze saioak egingo dira. Prozesuan zehar beste formula batzuk ere erabiliko dira, Zarauzko ahots eta errealitate anitzak jaso ahal izateko.

Helburua ez da soilik herriari buruzko diagnostiko bat egitea, baizik eta herriarekin batera egitea. Gizarte Politiketako zinegotziak adierazi duen moduan, “parte-hartze zabala eta zeharkakoa behar dugu. Ikuspegi komunitario hori ezinbestekoa da. Prozesua bera modu parte-hartzailean diseinatu da, eta egingo diren deialdi eta saioetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu. Azken finean, zaintza ez baita beste norbaiten ardura; guztion ardura da. Eta herri gisa ere, elkar zaintzen dugunean gara indartsuagoak. Zarauztarrok elkarrekin gehiago garelako”.

Zaintza herri mailako erantzukizun partekatu gisa

Zarautz Elkar Zainduz-ek zaintza pertsonen eta familien esparru pribatuan soilik kokatzen duen ikuspegia gainditu nahi du. Zaintza herri osoari eragiten dion gaia da eta, horregatik, administrazio publikoek, osasun eta gizarte zerbitzuek, hezkuntza komunitateak, elkarteek, zaintzako profesionalek, familiek, merkataritzak, komunitateko eragileek eta herritarrek badute zer esan eta zer egin.

Prozesuak, beraz, Zarautzen gaur egun dagoeneko existitzen diren baliabideak, zerbitzuak, sareak eta ekimenak ezagutu eta haien arteko harremanak indartzea ere bilatuko du.

Ildo horretan, prozesuaren lehen urratsetako bat Zaintza Mahaia sortzea izango da. Mahai horrek zaintzarekin lotutako herriko eragileak eta ikuspegi desberdinak elkartzeko gunea izan nahi du, prozesua kontrastatzeko, beharrak eta aukerak identifikatzeko eta herri mailako lankidetza sendotzeko.

Zarauzko Zaintza Planerantz

Diagnostikoek eta parte-hartze prozesuak Zarautzeko zaintzen egoeraren inguruko ikuspegi partekatua eraikitzeko aukera emango dute. Hortik abiatuta, hurrengo faseetan herriko lehentasunak, erronkak eta jarduera-ildoak zehaztuko dira.

Prozesuaren azken helburua Zarauzko Zaintza Plana egitea izango da: datozen urteetan herrian zaintzaren alorrean egin beharreko bidea orientatuko duen ibilbide-orri partekatua.

Prozesuaren laguntza eta dinamizazio teknikoa Bogan Zerbitzuak eta Zabalduz Kooperatiba Elkarteak egingo dute.

Datozen hilabeteetan Udalak prozesuaren faseei, parte hartzeko moduei eta abian jarriko diren ekimenei buruzko informazioa emango du.

Zarautz Elkar Zainduz-ek galdera partekatu bat jarri nahi du herriaren erdigunean: nola nahi dugu elkar zaindu Zarautzen?


​​​​​​​

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010