Asset Publisher

Back Zarautz Eleka

Twitter

ZARAUTZ ELEKA EGITASMOA ABIAN DA IKASTURTE HONETAN HERRIKO IKASTETXEEKIN ELKARLANEAN

2024/04/12

2014-2015. ikasturtean Zarauzko ikastetxe guztietan hizkuntza-kontzientzia lantzeko egitasmo soziolinguistiko bat abian jarri zen DBHn, Zarauzko Udalaren ekimenez. Ezagutza zein jarrera soziolinguistikoetan eragiteko ibilbide bizi eta iraunkor honetan EMUNeko kideak aritu dira laguntzen. Arnas luzeko ibilbidea izan da, eta askotariko jarreretan, dinamiketan eta elkarlanean izan du eraginik.

Ibilbide horretan aurrera eginez, ikasturte honetan herriko ikastetxeek (Antoniano Ikastetxea, La Salle Ikastetxea, Lizardi Institutua eta Salbatore Mitxelena Ikastola),  DBHn mailaz maila hizkuntza-kontzientzia lantzeko proiektu didaktiko batzuk sortu dituzte, prozesuan ahalik eta eraginkorren izateko, bidea elkarrekin egiteko, eta baliabideak eskuragarri izateko.

Zarautz Eleka egitasmoan bildu ditugu proiektu didaktikoak, hizkuntza-kontzientzian eta hizkuntza-jarreretan eragiteko baliabide horiek edonoren eskura egon daitezen. Ekarpenak eta gomendioak ere ongi etorriak dira, eta halakoak jaso ahal izateko proiektu bakoitzaren amaieran izan badago atal berezitu bat ere.

“Duela 10 urte hasitako ibilbidea osatuz joan gara azken bi ikasturteetan. Gure gazteen artean euskararen erabilera indartzea helburu hartuta, ikastetxe guztiak, Udala eta Emun aholkularitza elkarlanean aritu gara, denak batera, denontzako baliagarri izango den egitasmoa osatzen”, azaldu du irune Urbieta (EAJ-PNV) Hezkuntza zinegotziak. “Euskara eta nortasuna, euskara eta aniztasuna, euskara eta eskubideak, euskara eta hizkuntza ekologia…. gure nortasunean,  zarauztartasunean euskarak duen garrantzia lantzeko tresna egokia osatu dugula uste dut. Egindako lana guztion eskura jartzeko unea iritsi da. Pozik gaude, baina ez dugu bukatu, egitasmo bizia da, eta saiatuko gara egokitzen eta etengabe hobetzen”.

“Antoniano Ikastetxea, La Salle Ikastetxea, Lizardi Institutua eta Salbatore Mitxelena Ikastola bidelagun izan ditugu, mila esker hain eskuzabal izateagatik, eta Emun-i ere eskerrik asko bidelagun ezezik bide-erakusle paregabea izateagatik. Anjel Lertxundiri ere eskerrak eman nahi dizkiot bere ekarpenarengatik. Guztion artean Zarautzen euskaraz eleka jardun gaitezen!”, gehitu du Urbietak.

PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUTEN ERAGILEAK:

- ANTONIANO, Isortze Alvarez -> “Euskara indartzeko proiektu honen muina ikastetxe, EMUN eta Udalaren elkarlana izan da. Ilusioarekin egindako lan bat da eta ikasleak gogotsu eta disfrutatzen ikusteak pilak kargatu eta bide egokian gaudela erakusten dit. Ezin ahaztu eskolako irakasleak, bai hizkuntzetakoak eta bai zientzietakoak, beraien laguntzarik gabe ez litzateke posible izango erronka hau aurrera eramatea”.

- IKASTOLA, Belen Maiz -> "Hizkuntzak herri egiten gaituenaren lekukotza da gurea".

- LIZARDI, Imanol Gallego -> "Herriko ikastetxeek elkarlanean garatu dugun egitasmo honetan, euskara sustatzeaz gain, garen hori ekinez indartzeko aukera ere badugu".

- LA SALLE, Idoia Artola -> “Ederra ‘zientzietako’ eta ‘letretako’ irakasle guztiak elkarlanean euskarak ardazten duen proiektu batean aritzea. Ederra herriko beste ikastetxe guztiekin, Udalarekin eta Emunekin elkarlanean aritzea. Ederra, ideia desberdinak harilkatzeko denbora hartu eta guztion artean ehun bakarra jostea...  Elkarrekin, batzuk baino, bat gara. Euskara da batzen gaituena, eta hori, ederra da”.

- EMUN aholkularitza, Ainhoa Lasa -> “Eskerrak ematea besterik ez gugan jarritako konfiantza guztiagatik. Urte hauetan guztietan denon arteko sarea josten, zabaltzen eta sendotzen ikusteko aukera izan dugu, eragin esparrua handitzen ikusi dugu, ahalduntzea areagotzen eta erantzukizuna partekatzen. Elkarlana eta saretzeari esker guk ere imajinatzen ez genuen lekuetara iritsi gara, eta egun leku berrietara iristeko motibazioz jarraitzen dugu. Gazteak erdigunean, beraien beharrei erantzuteko herri mailako apustu sendoa izan da. Erronka zena lan ilusio bilakatu da, amua bota eta gogoz erantzun da. Proiektuko kide izatea aberasgarria izan da bidean asko ikasteko aukera izan dugulako, sortu duen inpaktuak ezbairik gabe denok ukitu gaituelako eta herriari ekarpena egin diogula sentiarazi digulako”.

Egin klik hemen: ZARAUTZ ELEKA

 

 

 

 

 

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010