Asset Publisher
Back

Zarautz 2030

Twitter

ZARAUTZ 2030 PLAN ESTRATEGIKOA ERATZEKO BIDEARI EKIN DIO UDALAK

2021/06/04

Zarauzko Udalak gaur jakinarazi ditu garapen jasangarrirako 2030 Agendaren esparruan Zarautz 2030 Plan Estrategikoa egin ahal izateko emango dituen lehen urratsak. Plan hori globalizazioak dakartzan gizarte-, ekonomia- eta ingurumen-erronkei aurre egiteko nazioarteko konpromisoa da.

Agenda 2030 honen bidez, ibilbide-orri komun bat eskaini nahi da, erakunde publiko eta pribatu guztiek onartzeko modukoa, eta, horretarako, Garapen Jasangarriko 17 + 1 Helburuekin (ODS) bat egin behar da, 18. ODS-a, hizkuntza- eta kultura-aniztasunarena, barne:
 
1.Pobreziaren amaiera
2. Gosearik ez
3. Osasuna eta ongizatea
4. Kalitateko hezkuntza
5. Genero-berdintasuna
6. Ur garbia eta saneamendua
7. Energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea
8. Lan duina eta hazkunde ekonomikoa
9. Industria, berrikuntza eta azpiegitura
10. Desberdintasunak murriztea
11. Hiri eta komunitate jasangarriak
12. Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak
13. Klimaren aldeko ekintza
14. Itsaspeko bizitza
15. Lehorreko ekosistemetako bizitza
16. Bakea, justizia eta instituzio sendoak
17. Helburuak lortzeko itunak
18. Hizkuntza- eta kultura-aniztasuna
 

Garapen Jasangarriko Helburu horietako bakoitzak helburu eta mugarri batzuk ditu, eta horiek betetzearen jarraipen hurbila egiteko balioko dute.

Une horretan, Udala aurretiazko hausnarketa-prozesu bat egiten hasiko da, eta, amaitutakoan, Zarautz 2030 Plan Estrategikoa idatziko du, Tokiko 2030 Agendaren eta aipatutako Garapen Jasangarriko Helburuen testuinguruan.

“Hausnarketa sakona egin behar dugu maila guztietan. Lehenik eta behin non gauden jakiteko; bigarrenik nora iritsi nahi dugun jakiteko eta; azkenik, nola iritsiko garen jakiteko. Hau da gaur aurkezten dugun Zarautz 2030 proiektua" argitu du Iker Basurko (EAJ-PNV) Proiektu Estrategikoen zinegotziak. "Gaur hausnarketa-prozesu bati ekingo diogu, eta zarauztar guztiok parte hartzea ezinbestekoa dela uste dugu. Horretarako, etorkizunean jarraitu beharreko Plan Estrategiko bat izango dugu. Ibilbide-orri bat".

Zarautz 2030 honen aurretik, Zarauzko Udaleko Agenda 21 Sailak urteak daramatza herritarren eta udal-administrazioaren arteko lankidetzan oinarritutako etengabeko prozesu bat lantzen, garapen jasangarri hori lortzeko.

“Prozesu honetan ez gara zerotik hasten. Zarauzko Udalak 2002. urtean Tokiko Agenda 21era atxikitu zen, Udalean garapen iraunkorra txertatzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko helburuekin. Eskolako Agenda ere martxan jarri zen eta horretan jarraitzen dugu, ingurumena zaintzeko eta iraunkortasuna bultzatzeko” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Orain, berrikuspena eta egungo egoerara moldatzeko momentua heldu da, eta horrexegatik Udal gobernuan erabaki genuen legealdi honen hasieran, munduan zehar garatzen ari den Agenda 2030era moldatzea eta Garapen Jasangarriko Helburuak Udalaren kudeaketan txertatzea”.

Zarautz 2030aren balioekin bat etorriz, herritarren parte-hartzeak pisu handia izango du proiektuaren aurreko hausnarketa honen garapenean, herritarrek gaur egun zer Zarautz dugun eta 2030ean nola izatea nahi dugun jakiteko.

“Plan honen aurretik egingo dugun hausnarketa prozesuaren emaitzak emankorrak izan daitezen ezinbestekoa da parte hartze prozesu hau anitza izatea, eta horretarako hainbat dinamika martxan jarriko dira” adierazi du Jesus Arana (EAJ-PNV) Partaidetza zinegotziak. “Prozesua herritarrak, elkarte eta erakundeak, sindikatuak, Udal-langileak eta alderdi politiko guztiak parte hartzera bideratua egongo da”.

Zarautz 2030 Plan Estrategikoa ekarriko duen hausnarketa-prozesua Isladak Aholkularitza Koop. enpresari esleitu zaio, lehiaketa publiko bidez. Kontratuaren zenbatekoa 81.892,22 eurokoa izango da (BEZa barne) eta urtebeteko iraupena izango du. Gainera, proiektu honetan komunikazioak duen garrantzia dela eta, hainbat komunikazio-enpresekin elkarlana egingo da, eta bakoitzak bere ikuspuntua landuko du bere eremuan.


Web Content Display

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010