Asset Publisher
Back

Zaintza Bizitzaren Erdian

Twitter

ZAINTZA BIZITZAREN ERDIAN HITZALDI ZIKLOA ANTOLATU DU ZARAUZKO UDALAK

2021/04/29

Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak “Zaintza Bizitzaren Erdian” hitzaldi zikloa antolatu du maiatzerako. Jabetza Eskolako emakumeek pandemiak agerian utzi duen zaintzaren krisia eta zaintzak bizitzaren erdian jartzearen beharraz hausnartzeko hitzaldi ziklo bat antolatzeko proposamena helarazi zioten Parekidetasun departamentuari.

“Gaur egun, emakumeok nahiz eta etxetik kanpo lan egin, etxeko lanak eta zaintzak, oraindik, guk egiten ditugu gehienetan, gure lana bikoizten” adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Parekidetasun zinegotziak. “Horren aurrean mugimendu feministaren errebindikazio nagusi bat da Zaintzak bizitzaren erdian jartzea. Guztion ardura delako lan horiek egitea. Emakumeok ere, gure bizitzan espazio eta denbora propioa nahi dugulako”.

“Historikoki emakumea izan da guztion zaintzailea, eta etxe barruko gauza izanik orain dela gutxi arte, ikusezin izan dira” gehitu du Vazquezek. “Hitzaldi hauen bitartez lortu nahi duguna da zaintzan egiten den lan horri ikusgarritasuna ematea”.

"Niretzat oso garrantzitsua da Jabetza Eskolan sortzen diren sareek emakumeok prozesu pertsonalak egiten laguntzeaz gain, prozesu sozialak egiten ere laguntzen dutela ikustea", adierazi du Pepa Bojo Jabetza Eskolako irakasleak.

Hiru hitzaldi izango dira Zaintza Bizitzaren Erdian zikloa osatuko dutenak:

-    Maiatzak 5 (Modelo Aretoa / online – 18:30etan), Irati Mogollón, Soziologian lizentziatua eta  Ikasketa Feminista eta Generoan Masterra -  “Zaintza ekonomia feminista ikuspegitik” - Krisien arteko genealogia eta ekonomia feministaren bilakaera aztertuko dugu. Zer irakaspen atera ditzakegu krisiei begiratuz? Zenbat alternatiba eta praktika izan dira bizitzaren iraunkortasuna helburu dutenak? Zein oztopo aurkitu dituzte?

-    Maiatzak 12 (Modelo Aretoa / online – 18:30etan), Miren Vives, arkitekto zarauztarra -  “Espazio publikoa, generoa eta ongizate komunitarioa” - Hirien antolaketak, formak eta definizioak eragin handia dute hirietan bizi garen pertsonen eguneroko bizitzan eta bertako parte diren zaintza-lanetan. Hiri eta auzo osasungarriagoak eta bidezkoagoak sustatu nahi ditugu, pertsonen eguneroko bizitzan eta ongizate fisikoan, mentalean eta sozialean eragina izango dutenak.

-    Maiatzak 19 (Online – 18:30etan), Yayo Herrero, antropologoa, ingeniaria, irakaslea eta aktibista ekofeminista - “La necesidad de poner los cuidados en medio de la vida”.

Lehenengo bi hitzaldiak (maiatzak 5 eta 12), modu presentzialean (Modelo Aretoan) nahiz streaming bidez jarraitu ahal izango dira eta euskaraz izango dira. Hirugarrena aldiz, streaming bidez bakarrik eskainiko da eta gaztelaniaz izango da. Ana Belen Juaristi izango da hiru hitzaldi hauetan moderatzaile lanetan.

Hiru bide daude hitzaldi ziklo honetan izen emateko: online inprimaki hau osatuz (https://labur.eus/zaintzabizitzarenerdian), telefonoz (943 005 117) edo email bidez (berdintasuna@zarautz.eus).


Web Content Display

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010