Asset Publisher
Back V Adikzioen Plana aurkezpena
ZARAUZKO UDALAK V. ADIKZIOEN PLANAREN PLANGINTZA AURKEZTU DU


2024/09/19
Adikzioen gaia konplexua eta arazotsua da, zalantzarik gabe. Adikzioen fenomenoa aldatzen ari da gizartearen eraldaketekin batera, eta hainbat forma eta adierazpide hartzen ditu. Gaur egun, mendekotasunen kontzeptualizazioa ez da substantzien kontsumoan bakarrik oinarritzen, eta jokoek edota teknologiek sortzen dituzten jarrera desegokiak ere kontuan hartzen dira.
Zarauzko Udalak 22 urte daramatza adikzioen prebentzioan lanean. Adikzioen egoera aldakor eta konplexu honetan ere Udalak prebentzio-lanetan jarraituko du. Herritarrengandik hurbilen dagoen administrazioa denez, bizimodu osasuntsua sustatzeko ardura du, beti ere, gainerako administrazioekin elkarlanean.
Zarauzko IV. planaren indarraldia bukatu da, eta orain adikzioen prebentzioaren V. plana egiten hasiko da Udala. Ibilbide horretan SASOIA elkartea bidelagun izango da.
Esan bezala, adikzioen fenomenoa aldakorra da. Beraz, lehendabizi, IV. planean martxan jarritako ekintzak aztertu, ebaluatu eta eguneratuko ditugu. Horrez gain, plan berria diseinatzeko ezinbestekoa da udalerriko errealitatearen diagnostikoa egitea, datozen urteotan garatuko ditugun lehentasunezko esku-hartze lerroak V. planean txertatzeko.
Zer egingo dugu?
- Aurreko plana berrikusi.
- Udalerrian adikzioen egoera zein den aztertu (substantzien adikzioaren eta substantziarik gabeko adikzioen diagnostikoa).
- Lege eta arau esparrua eta marko teorikoa definitu.
- Adikzioen V. planeko helburuak, esku-hartze lerroak, proiektuak definitu.
- Parte hartu dutenei plana aurkeztu.
- Errealitatearen diagnostikoa:
- Ikastetxeetan inkestak egingo zaizkie 12-25 urteko ikasleei.
- Inkestak egingo dira, herritarren eta komunitatearen pertzepzioa zein den jasotzeko.
- Jasotako datuak partekatu egingo dira: talde-eztabaidak sortuko dira diagnostikoa egiteko eta hausnarketarako iritziak eta proposamenak jasotzeko.
- Eztabaida-taldeak osatzeko kontuan hartuko diren arloak:
- Udaleko teknikariak eta politikariak
- Gizarte eta osasuna: Osakidetza, osasun publikoa, adikzioetan eta prebentzio-esparruan lan egiten duten elkarteak (Agipad, Gizakia Helburu, Minbiziaren aurkako elkartea…)
- Aisialdia: Gaztelekuko hezitzaileak, herriko aisialdi taldeak, kirol elkarteak, jai batzordeak, dantza taldea….
- Hezkuntza: ikastetxeak, guraso elkarteak…
- Komunitatea: ostalari elkartea, dendari elkartea, auzo elkarteak, adineko pertsonen elkarteak…
Helburua da denon artean plan bat osatzea eta etorkizunerako neurri zehatz batzuk jartzea prebentzioaren, sentsibilizazioaren eta osasun-hezkuntzaren arloan eta maila komunitarioan garatzeko. Alegia, adikzioen diagnostikoan jasotzen dugun informaziotik eta eztabaida-taldeetako proposamenetatik abiatuta, hurrengo lau urteetako prebentzio plana definituko dugu.
Herritaren parte hartzea
Diagnostiko egoki bat egiteko, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da eta, horretarako, galdetegi bat prestatu da informazioa eskuratzeko. Bertan jasoko den informazioak plan berrian ekintza espezifikoak definitzeko eta txertatzeko balioko diote Udalari.
Galdetegia erantzuteko epea urriaren 7ra bitartean izango da eta bertan jasotzen diren erantzunak guztiz anonimoak izango dira.
Hemen erantzun dezakezu galdetegia: https://forms.gle/nY68N8QNniqAwhRj9
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010