Asset Publisher

Back Udaltazaingoa kanpainak

Twitter

ZARAUZKO UDALTZAINGOAK TRAFIKOA ZAINDU ETA KONTROLATZEKO KANPAINEN EGUTEGIA AURKEZTU DU

2024/02/15

Zarauzko Udaltzaingoak 2024 urte honetan trafikoa zaindu eta kontrolatzeko martxan jarriko dituen kanpainen egutegia aurkeztu du. Honen bitartez, hemendik aurrera, eta urtea amaitu bitartean, trafikoa eta zirkulazioan dauden ibilgailuen egoera kontrolatzeko kanpainak abian izango dira Zarautzen, Udaltzaingoaren eskutik.

Plangintza hau Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren artean koordinatu da. Kanpaina hauek hainbat elementu eta segurtasun arloren kontrola gauzatuko dute, hala nola, gerrikoak eta Haurrei Eusteko Sistemak (HES), distrakzioak, alkohola eta drogak, motorrak edota baldintza teknikoak.

“Azken urte hauetan aurrerapen handiak egin dira gizartean ibilgailuetan modu ez egokian ibiltzearen arriskuen kontzientziazioan. Baina oraindik badira, axolagabekeria edota ezjakintasunagatik, euren burua eta ingurukoena arriskuan jartzen duten gidariak. Hauek detektatu eta sor dezaketen kaltea ahal den gehiena gutxitzeko oso erabilgarriak izango dira kanpaina hauek”, adierazi du Gervasio Gabirondo (EAJ-PNV) Hiri Segurtasuneko zinegotziak.
Honekin batera, Udaltzaingotik jakinarazi da, herriko mugikortasunean parte hartzen duten eragileen arteko elkarbizitza hobetzeko kontzientziazio kanpaina bat ere martxan jarriko dela laster.

2023ko datuak

Trafikoa zaindu eta kontrolatzeko kanpainen berri emateaz gain, Udaltzaingoak, joan den urtean Zarautzen izandako istripuen berri eman du. 2023an, guztira, 100 istripu izan ziren udalerrian. Horietatik 38 ibilgailuen arteko istripuak izan ziren, 12 ibilgailu eta bizikleta artekoak, 4 ibilgailu eta oinezkoen artekoak eta 2 ibilgailuak eta txakurren arteko istripuak. Gainontzeko 44 kasuetan ez zen ibilgailurik izan kaltetuen artean.

Istripu hauek gertatu ziren guneei erreparatuz, gehien errepikatzen diren guneak Nafarroa kalea (6), Araba kalea (5) eta Bizkaia-San Inazio bidegurutzea (4) dira.

Istripu hauetan, tartean zeuden gidariei alkoholemia froga egiten zaie eta, joan den urtean, froga guztietatik 9etan positibo eman zuen gidariak.

Amaitzeko, Zarauzko Udaltzaingoak, 2023. urtean jarritako isunen berri ere eman du. Guztira, 1299 izan ziren jarri ziren isunak eta, gehienak, marra horia edo espaloian aparkatzeagatik (421), zamalan gunean kotxea uzteagatik (249) edo TAO isunak (118) izan ziren.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010