Asset Publisher

Back Orokietako Lizitazioa

Twitter

UDALAK OROKIETAKO PATIOA BIRMOLDATZEKO OBRAK LIZITATU DITU

2021/03/31

Zarauzko Udalak dagoeneko abian jarri du Orokieta Herri Eskolaren patioan egingo diren obren lizitazioa. Frontoiaren eta Orokieta Herri Eskolaren eraikinaren arteko estalkia jarriko da, eta patioko eremu asfaltatuak birmoldatuko dira, naturalizatuz, berdeguneak sartuz eta horiek handituz, haurrentzako parke berri bat jartzeko.

Proiektu hori aurtengo udal aurrekontuaren inbertsiorik garrantzitsuena da, eta aurreikusitako kostua 295.172,98 eurokoa da. Lanak ekainean hasiko dira eta lau hilabete inguru iraungo dute.

Ingurua birmoldatzeko proiektua Izarraitz S.L.L. enpresak egin du, Udalarekin eta Balurdin Orokieta Herri Eskolako Gurasoen Elkartearekin lankidetzan. Balurdineko kideak parte-hartze prozesu baten parte izan dira, eta birmoldaketari buruzko beren ikuspegia eta ideiak eman dituzte uneoro.

Birmoldaketa-lanek bi zati izango dituzte. Alde batetik, estalki bat jarriko da, eraikin nagusia eta frontoia lotuko dituena, ikasleei jolastokian estalitako gune bat eskaintzeko. Bestalde, jolastokiko zenbait eremu asfaltatu birmoldatuko dira, berdeguneekin ordezkatuz, eta haurrentzako parke berri bat jarriko da, gainerako zarauztarrentzat ere zabalik egongo dena eskolaz kanpoko ordutegian.

Irune Urbieta (EAJ-PNV) Hezkuntza zinegotziak adierazi duenez, "Hezkuntza departamentuak argi dauka haur parkeak hezitzaileagoak izan behar dutela eta naturarekin lotuago dauden eremuak behar direla, ahal izan ezkero, ikastetxean bertan. Materialak naturalak izango dira, eta hainbat gune izango dituzte psikomotrizitate lodia lantzeko". Parkeak hainbat espazio izango ditu, eta haurrentzako jolas desberdinak izango ditu, hala nola egurrezko dunak, arrantzaleen etxola, mikatua edo sokazko zubia, besteak beste.

Haur-parkeen aldeko apustua

Xabier Txurruka alkateak (EAJ-PNV) adierazi duenez, "Orain arte Udal Gobernuak Zarauzko auzoetan banatutako zortzi haur-parke berritu ditu, 2021eko aurrekontu parte-hartzaileetan gehien errepikatu den eskaeretako izanik. Horregatik, aurten udal-aurrekontuko partida espezifiko bat bideratu dugu haur-parkeak berritzera, besteak beste, Iturrilun plaza, Aritzbatalde plaza, Lapurdi kalea, Pagoeta kalea eta Urtetakoak".

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010