Asset Publisher

Back Mugikortasuna errespetua eta elkarbizitza proiektua

Twitter

ZARAUTZEK GIZARTE BERRIKUNTZARAKO PROIEKTU BAT AURKEZTU DU MUGIKORTASUNA ETA BIZIKIDETZA UZTARTUZ

2024/07/05

Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza dira Zarauzko Udalak aurkeztu duen proiektu berritzailea laburbiltzen duten hitzak. Bertako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planaren (PMUS) eta 2030 Agendaren esparruan, oinezkoen, bizikleten eta gainerako ibilgailuen arteko espazio partekatua identifikatu du Udalak errespetuzko mugikortasunaren garapenean landu beharreko gako gisa. Iker Basurkok, Zarautz 2030, Udaleko proiektu estrategiko eta berrikuntzako zinegotziak, erantzukizun partekatuari egin dio erreferentzia: "Guztiok dugu Zarautzen mugikortasuna eta elkarbizitza hobetzeko ardura. Horrela, gure herria leku seguruagoa izatea lortuko dugu".

Gizarte-onura helburu duen proiektu honek baditu bere lehen jarduera-ildoak ere, Gervasio Gabirondo Zarauzko Hiri Segurtasunerako zinegotziak adierazi duenez. Lehenengoa, araudia garatzera bideratua dago, bigarrena trafiko-fluxuak kontrolatu eta gatazka-guneak hobetzera, hirugarrena herritarrak hezi eta informatzea du helburu, eta laugarrenak garraio publikoa hobetzen jarraituko du, Mugikortasun Planean eta Zarautz 2030 planean ezarritako erronkekin bat eginez.

Zarautz berezia da, gainera, bertako bizikletaren erabilera errotuagatik; eguneroko garraiobidea da biztanleentzat, eta ez du sustapen beharrik, beste herri edo hiri batzuetan ez bezala. Hiri-mugikortasunari dagokionez egoera aurreratua da hau eta Zarautz erreferente da estatu-mailan. Honela, berrikuntza-erronkari aurre egin behar dio udalak, errespetua, bizikidetza eta segurtasuna sustatzeko jarraibideak martxan jarriz. Basurko eta Gabirondok adierazi dutenez, bide honetan elkarlana izango da helburuak betetzera gidatuko dituen bitartekoa. Honela, elkarbizitza eta mugikortasun jasangarriaren alde zeharkako inplikazioa espero da, bai erakunde artean, eta baita herriko eragile eta biztanleriaren aldetik ere.

3 urterako hasi da gauzatzen berrikuntza eta gizarte-onurara bideratutako proiektu honen lehen fasea. Etapa honetan erantzunkidetasuna sustatzen duten jarduerak etengabe gauzatuko dira, herritarren kontzientziazioa landuz eta gizarte-komunikazioko eta -marketineko plan batek lagunduta. Iker Basurko: "Lehen lan lerroen artean Zarautzen erabilera partekatuko eremu bat sortzea dugu, non herritarrak eroso eta seguru sentituko diren. Horretarako, beste ekintza batzuekin batera, proba pilotu bat egingo da laster Malekoiko pasealekuan”. Honekin batera, jarduera horietako batzuk irailean egingo dira, Mugikortasunaren Astean.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010