Asset Publisher

Back Mugikortasun Astea balorazioa

Twitter

MUGIKORTASUNAREKIN GERO ETA KONTZIENTZIATUAGOA DAGOEN HERRIA

2026/10/01

Joan den astean Europako Mugikortasun Astea ospatu zen eta Zarautzen, azken urteetan ohikoa den bezala, hainbat ekitaldi gauzatu ziren sentsibilizazioa eta kontzientziazioa landuz gure kaleetan bizikidetza atseginagoa lortzeko helburuarekin.

Bi ekimen nabarmendu dira aurtengo egitarauan. Alde batetik, Txirrindulari Txiki Egunaren 25. edizioaren ospakizuna daukagu. Bizikleta martxa herrikoi hau Zarauzko kaleetatik barrena gauzatzen da, bizikletaren erabiltzailearekiko errespetuaren inguruan kontzientziatzeko eta, aldi berean, norbanako ahulenekin errespetuz jokatzeko. Ibilbidean zehar, hainbat mugikortasun modu dituzten kaleak, hala nola oinezkoak edo ibilgailu motordunak, eta erabilera desberdinetako kaleak partekatzen dira.

“Jardunaldi ezin hobea izan zen, eguraldia lagun izan genuen, eta 500 partehartzailetik gora izanik, haurrek, guraso eta senitartekoen laguntzarekin, primeran pasa zuten. Lehenik lasterketaz gozatu zuten eta jarraian, ohikoak diren txokolate beroaz eta oparien zozketaz ere bai. Bertan izan zen Xubi, Mugikortasuneko maskota berria, zeinak oso harrera ona izan zuen herriko txikienen partekin, hauekin batera egunaz gozatzen izan zen”, nabarmendu du Iker Basurko (EAJ-PNV) Mugikortasun zinegotziak. "Txirrindulari Txiki Eguna gure egutegian markatutako eguna da, Zarauzko Zikloturista Elkarteak antolatuta bere 25 edizioetan zehar, Salbideko Auzo Elkartearen laguntzarekin azken urteetan. Boluntario guztiek benetako lan aipagarria egiten dute, eskertzekoa dena, eta lan guzti hau nabari da jardunaldiaren emaitzan".

Aurtengo berrikuntzen artean Mugikortasuneko eta Herritarren Segurtasuneko departamentuek herritarrentzako komunikazio-kanal berria ere nabarmendu da. MUZA (Mugikortasuna Zarautzen) WhatsApp kanalaren bitartez Zarauzko mugikortasunari zuzenean eragiten dioten gaiei buruzko informazioa jasotzeko aukera dago: trafiko-aldaketak, hiri-autobusaren informazioa, arau-aldaketak, gure kaleen erabilera egokia gogorarazteko gomendioak eta abar. Abian jarri zenetik hamar egun eskasetan, 400 zarauztar baino gehiago daude izena emanda kanal horretan, eta horrek pentsarazten du oso tresna interesgarria izango dela egunerokoan herritar guztiei eragiten dieten gaien berri emateko.

"MUZA WhatsApp kanala ondo abiatu da, denbora bat generaman hari forma ematen, eta azkenean martxan jarri dugu. Herritar askok izena ematea espero dut, oso kanal interesgarria baita mugikortasunari buruzko edozein gairen edo egunerokotasuna alda diezaguketen gorabeheren berri bertatik bertara jasotzeko", gaineratu du Basurkok.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010