Asset Publisher
Back Moila konpontzeko lanak
DATORREN ASTEAN HASIKO DIRA ZARAUZKO MOILA KONPONTZEKO LANAK
2020/05/08
Zarauzko Udalak "Harri Construcciones y Mampostería S.L." enpresari esleitu dizkio moila konpontzeko lanak, eta 167.330,90 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).
Xabier Txurrukak (EAJ-PNV), Zarauzko alkateak, gogorarazi duenez, "Otsailaren hasierako denboraleak zuloa ireki zuen moilako babeshorman, oso hondatuta baitzegoen. Zorionez, goizaldean gertatu zen, eta ez zen zauriturik izan. Olatuen indarrak zuloa handitu zuen, baina, harrigarria bada ere, goiko arkua zutik mantendu da. Otsailaren 12tik altxor hau berreskuratzeko lanean ari gara, zarauztarrek asko maite duten altxorra. Udalak konponketaren finantziazioa aurreratuko du, baina, aldi berean, proiektua aseguru partzuergoaren esku utzi dugu, denboralearen kalteen estaldura baloratu dezan, Udalak moila aseguratuta baitzuen".
Konponketa lanak martxan jarri ahal izateko, lehenik eta behin kalteak neurtzeko azterketa topografiko bat eskatu zen. Informazio horrekin, Esteyco ingeniaritza eta arkitektura aholkularitza enpresari esleitu zitzaion obraren proiektuaren idazketa, eta hark, COVID19ak sortutako alarma-egoera adierazi zutenean entregatu zion Udalari justu, proiektua. Ezohiko egoera honek nahi baino gehiago atzeratu ditu obrak kontratatzeko prozedura. Azkenik, "Harri Construcciones y Mampostería S.L." enpresari esleitu zaizkio, bi hilabete inguruko exeuzio epearekin.
"Sektorean eskarmentu handia duen Astigarragako enpresa da hau. Beste lan askoren artean, Donostiako Kontxako barandilla berritu dute, Irungo Ikustalaia Jauregia eta Donostiako San Sebastian Martir Parrokiako fatxadak zaharberritu dituzte", azaldu du alkateak. Era berean, Txurrukak azpimarratu du enpresa honek berak konpondu zituela denboraleak Zarauzko moilan 2014an eragin zituen kalteak.
"Konponketa lanek Kostako Zerbitzu Probintzialaren baimena dute dagoeneko, eta, beraz, ez dago eragozpenik obrak maiatzaren erdialdean hasteko, abuztua baino lehen amaituta egon daitezkeelakoan. Badakigu uda desberdina izango dela, eta gaur egun ere, ez dakigu zein baldintzatan ireki ahal izango dugun konpondutako moila. Orain zuloa lehenbailehen konpondu behar da. Ikusiko dugu gero udak zer ekarriko digun", amaitu du Txurrukak.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010