Asset Publisher
Back Memoria Eguneko ekitaldia 2025
2025EKO MEMORIA EGUNEKO EKITALDIKO ADIERAZPENA


2025/11/09
Urte bat gehiago, Memoriaren espazio honetan, indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiak gogoratu eta aitortzeko elkartu gara.
Memoriak oinarrizko zutabea izan behar du indarkeriarik ezan, printzipio eta balio etiko eta demokratikoetan, eta giza eskubideen defentsan, babesean eta berme eraginkorrean oinarritutako bizikidetza-ereduan.
Ezin ditugu, ez dugu behar, ez ditugu biktimak ahaztu nahi, memoria baita bermerik onena berriro ez gertatzeko. Gutako bakoitza, ahaztu behar ez dituen gizarte baten parte gara. Eta gizarte honen ordezkari garenok erantzukizuna dugu gertatutakoa ahaztu ez dadin.
Biktimak dira indarkeriaren eta terrorismoaren min, sufrimendu eta bidegabekeria erradikalenaren ordezkari.
Indarkeria eta terrorismoaren biktima guztiei, gure oroitzapena.
Gaur hemen, biktimak, herritarrak eta Udala osatzen dugun udal talde guztiak gaude ordezkatuta. Espazio berean eta helburu berarekin: Bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi eta “Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea” helburuen alde lan egiten jarraitu.
Aurten Udala burutzen ari den aitortza ekimenekin jarraituz, gaurkoan bereziki gogoratu nahi ditugu estortsio ekonomikoa sufritu duten pertsona, familia, talde edo erakundeak. Isiltasuna izan da protagonista estortsio ekonomikoko kasuetan, eta, horregatik, oso zaila da urraketa mota honen norainokoa jakitea. Estortsiopean egon zirenetako gehienek ez zioten inori ezer esaten.
Estortsio ekonomikoa modu askotan gertatzen zen: mehatxuzko deien bidez, gutunen bidez, bahiketa bidez, tortura psikologikoaren bidez, ondasun higiezinen aurkako erasoen bidez ….
“Zerga iraultzailea” delakoa ordaindu zutenek, “terrorismoarekin kolaboratzeagatik” deklaratzera deituak izan ziren, eta kasu batzuetan epaitu eta kondenatuak.
Gaur, estortsio ekonomikoaren ondorioz sufrimendua, arbuioa eta bakardadea pairatu duten pertsona, enpresaburu, zuzendari, merkatari, profesionalak eta beraien familia eta gertukoak gogoratu eta aitortu nahi ditugu. Gogoan ditugu urte gehiegitan jasandako min bidegabe eta konponezinak, mehatxuak, eta jazarpen pertsonalak zein familiarrak.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
