Asset Publisher
Back

Kultura aniztasuna

Kultura aniztasuna

Kontaktua

Helbidea: Zigordia Kalea 33

Telefonoa: 943 00 51 27

Helbide elektronikoa: immigrazioa@zarautz.eus

Aldez aurretik hitzordua eskatu behar da.

Informazioa

Batera bizitzetik elkarrekin bizitzera

Gure herria historiako hainbat unetan izandako migrazio-mugimenduen ondorioa da. Batzuk Euskal Herriko beste herri batzuetatik etorri ziren, beste batzuk Espainiako estatuko lurraldeetatik, eta bereziki azken hamarkada honetan munduko bazter askotatik iritsi dira Zarauzko bizilagun berriak.

Migrazio horiek gure herria aberastu egin dutela eta aberasten jarraitzen dutela uste dugu, eta ez bakarrik gure bizi-kalitatearen oinarri den garapen ekonomikoan lagundu dutelako, baizik eta gero eta pluralagoa den herri bat daukagulako: 70 herrialdetako jendea bizi da eta 30 hizkuntza inguru mintzatzen dira.

Testuinguru horretan, bizilagun berrien integrazioa eta kultura-aniztasuna, bertatik bertara, herri ikuspegi batetik kudeatu behar diren gaiak direla uste dugu, betiere aniztasuna oinarri izango duen gizarte bateratu bat lortzeko.

Eta horretan dabil Udala bi irizpide hauei jarraituz:

  • Denok gara zarauztarrak, bertan jaiotakoak zein beste nonbaitetik etorritakoak izan.
  • Integrazioa bi norabideko prozesu gisa ulertzen dugu; inguru berrira egokitzeko ahalegina ez da bakarrik etorri berriarena izango, bertakoei ere badagokie gero eta pluralagoa den Gizarte batera egokitzeko urratsak ematea.

 

Ongi etorri 

Euskara-harrera ikastaroa:

Zarauzko Udalak harrera-ikastaroa antolatzen du Zarautzera iritsitako bizilagun berrientzat.

Ikastaro honetan EUSKARAZ oinarrizko esaldi batzuk ikasten dira eta, horrekin batera, ondorengo gaiei buruzko orientabidea ere ematen da: udal errolda, prestakuntza, lana aurkitzeko baliabideak, lan arloko eskubideak, atzerritartasuna, kirola, gizarte zerbitzuak, osasun sistema, gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna, natur ondarea, eta abar.

  • Iraupena: ikastaro honek 68 orduko iraupena du. Saioak astean hirutan izango dira, saio bakoitza bi ordukoa. Ikastaroak guztira bi hilabete eta erdiko iraupena du.
  • Egutegia: Urtean bi ikastaro eskaintzen ditugu.
  • Matrikula: 10 euro.

 

Aholkularitza juridikoa

SOS Arrazakeriaren Informazio bulegoa dago Zarautzen

Bulego honen helburu nagusiena bizilagun atzerritarrei oinarrizko eskubideak izatekoa aholkularitza ematea da, atzerritarrei ez ezik baita gutxiengo etnikoren bateko kideei ere.

Arreta egun eta ordua: Astelehenak 10:00etatik 14:00etara. (aurretik hitzordua eskatu behar da telefono hauetan 943 245626 - 943245627).

Lekua: Zuberoa 22 (Sexu Aholkularitza gunea dagoen lekuan).

Eusko Jaurlaritzak diruz lagundutako ekimena da.

 

Ongi etorri eskolara

Zarauzko Antoniano eta Orokieta ikastetxeetan Ongi etorri eskolara ekimena jarri dugu martxan, ikastetxe barruan kultur aniztasuna ezagutu eta lantzeko, eta beste herrialdeetatik iritxi berriak diren ikasleei harrera ona emateko. Horrela, Familia Laguna programa ere abiatu dugu, haurren familiak elkar ezagutzeko eta eskolarako egokitzapena errazago egiteko.

“Ongi etorri eskolara” proiektuak kultura aniztasuna aprobetxatuz, eskolan kultura artekotasuna lantzen du. Eskola osatzen duten kultura guztiei balioa emanez eta aldi berean, kultura horiei euskal kulturaren eta euskararenganako interesa pizten eta gerturatzen lan egiten du.

 

Integrazioa 

Zarauztik mundura

ZARAUZTAR GUZTION JAIA!!

Zarauzko kultura aniztasuna erakutsi eta aldarrikatzen du festa honek.

Jatorri ezberdineko zarauztarrez osatutako talde batek antolatzen du Zarauzko Udalarekin lankidetzan.

Zarautzen dauden kultura anitzen erakusleihoa ez ezik, kanpotik etorritako eta bertan jaiotako zarauztarron arteko topagunea ere izan nahi du festak.

2008an hasi zen festa ospatzen.

 

Bertakoak

Gastronomiaren bitartez zarauztar berriak eta beraien kulturak ezagutzeko programa da.

Herriko elkarte batean mundu zabaleko janariak prestatzen irakasten dute kanpotik etorritako zarauztarrek eta mahai-inguruan konpartitzen dira.

Programa hau herriko hainbat elkareen laguntzarekin egiten da.

 

Bizilagunak

Maiz elkarren ondoan, baina ez elkarrekin, bizi garenok elkarren artean hurbildu, eta bide batez, etorkinekiko aurreiritziekin hautsi nahi dugu "Bizilagunak" egitasmoarekin. Eta horretarako onena elkar ezagutzea da, elkar ezagutza horrek mesfidantzak uxatzen ditu, eta etorri berrien integrazioa erraztu. Hori guztia mahai baten inguruan eserita egiten dugu.

Zarauzko Udalak bat egiten du Gipuzkoako SOS Arrazakeriak antolatzen duen jarduera honekin.

 

Sentsibilizazioa

Zurrumurruen aurkako sarea

Zararauzko Udalak EAEko hainbat erakunde eta gizarte eragileekin batera Zurrumurruen aurkako sarean parte hartzen du.

Gehiago jakiteko klikatu hemen.

Aniztasunean Bizi

Erlo telebistarekin elkarlanean Zarauzko Udalak ekoizten duen telebista saioa da.

Telebista programa horretan eskualdeko kultura aniztasunari eta migrazioei buruzko berriak jasotzen dira.

Klikatu hemen saioa ikusteko.

Ikastetxeetan sentsibilizazio programak

Hainbat programa garatzen ditugu herriko ikastetxeetan kultura aniztasunaren aldeko sentsibilizazioa lantzeko eta batez ere jarrera arrazista eta xenofoboei aurre hartzeko.

Programak:

Perkusio tailerra.

Komunikatu On.

Zagales liburua

Zarautz herri anitza da bere biztanleen jatorri eta kulturari dagokionean. Hamaika lekutatik iritsitako bizilagunek osatzen dute herria. Batzuk azken 10-12 urteotan etorri dira atzerritik. Baina 50-60. hamarkadan jende ugari iritsi zen estatuko hainbat lekutatik.

Extremaduratik iritsitako zarauztarrei aitortza egiteko Zarauzko Udala Francisco de Zurbaran elkartearekin jarri zen harremanetan eta Extremaduratik Zarautza etorritako migrazioari buruzko liburua egin zuten.

Horrela, Maria Feijoó kazetari Zarauztarrak ZAGALES liburua idatzi du.

Ekimen honek Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru-laguntza jaso du.

ZMMZ kazetaritza beka

2014an "Destokian" ikusentzunezkoa.

Egileak: Usua Garin, Laida Aranburu eta Ekhiñe Muguruza.

Laburpena: Zarauzko egungo migrazioan testigantza jasotzen da bost migrazio prozesu kontatuz.

Klikatu hemen ikusentzunezkoa ikusteko

Zarauzko Berritzeguneak material didaktikoa sortu du ikusentzunezkoa lantzeko. Material hori eskuragarri dago nahi duenarentzat, horretarako jarri harremanetan Zarauzkop udaleko Gizarte Zerbitzuekin.

2016an "Maletatik Ateratzen ez Dena" liburua.

Egileak: Ainhoa Pinedo eta Libe Eizagirre.

12 ipuinen bitartez herriko beste horrenbeste ipuin migrazio-ibilbide jasotzen dira: Carmen peruarra, Ruo li txinatarra, Dalcy Lucinda nikaraguarra, eta abar. Liburua eskuragarri dago doan Zarauzko Udaleko Gizarte Zerbitzuetan.


Web Content Display

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010