Asset Publisher

Kiroldegia irekitzeko lanean

Twitter

ZARAUZKO UDALA LANEAN ARI DA ARITZBATALDE KIROLDEGIA ZABALTZEKO

2020/06/09

Zarauzko Aritzbatalde Kiroldegia hiru hilabetez itxita egon da COVID-19 pandemiak eragindako larrialdi egoeragatik. Bitartean, herritarrak konfinamenduan jarduera fisikoa egiten aktibo mantentzeko asmoz, Udalak, ERLO telebista bidez, Kiroldegiko monitoreek grabatutako saio ezberdinak eskaini ditu. Konfinamendua arintzeko  3. fasean sartu berri garen honetan, Zarauzko Udalak jakinarazi du multimedia saio gehiago ez dituela eskainiko. Izan ere, Aritzbatalde Kiroldegia segurtasun eta higiene berme guztiekin zabaldu ahal izateko lanean da Udala.

Zentzu honetan, Leire Aranak (EAJ-PNV) Kirol zinegotziak bere esker ona adierazi die Kiroldegiko monitoreei multimedia saioak aurrera ateratzeko egindako ahaleginagatik: “Kiroldegiko monitoreek prestatutako multimedia saioek arrakasta handia izan dute eta hala helarazi digute herritarrek. Izugarrizko lana egin dute hilabete hauetan, eta, benetan, eskertzekoa da euren inplikazioa bizi dugun egoera zail honetan. Orain, eraginkortasun bide beretik ari gara normaltasun berrirako itzulera elkarlanean lantzen. Langile eta bezeroen segurtasun eta higiene berme guztiak ziurtatzen direnean irekiko da Aritzbatalde Kiroldegia”.

Hala, Aranak azaldu duenez, COVID-19 Kontingentzia Plana prest du Kirol departamenduak eta, hartuko diren neurrien artean, ondokoak nabarmendu ditu zinegotziak: “Kirol instalazioetan distantzia soziala ziurtatzeko egokitzapen lanak burutzen ari gara jada. Era berean, aforoak  mugatuko dira eta horri laguntzeko erreserba bidezko sistema jarriko da martxan, era berean osasun zein higiene protokoloak beteko dira, ezinbestean. Hori guztia eta gehiago biltzen du COVID-19 Kontingentzia Planak”.

Irekiera dataren inguruan Aranak aurreratu du euren asmoa dela, “dena ondo bidean, Aritzbatalde Kiroldegia normaltasun berriarekin batera zabaltzea, beti ere, unean uneko testuinguruak eta Osasun agintaritzak markatutako baldintzak betetzen badira”. 

Azkenik, Kirol zinegotziak adierazi du, kirol tramiterik ez dela ahalbideratuko kiroldegia ireki arte eta horretarako data eta baldintzen berri laster emango dela. “Aparteko egoera berria da hau eta horretara egokitzeko behar beste informazio eta bide jarriko ditugu herritarren eskura datozen asteetan”, burutu du Aranak.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010