Asset Publisher

Back Hizkuntzen erabileraren kale neurketa

Twitter

EUSKARAREN KALE ERABILERAK EGONKOR JARRAITZEN DU ZARAUTZEN

2022/10/26

Euskaraldiaren atarian, Soziolinguistika Klusterrak Zarauzko Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketaren txostena aurkeztu berri du. Txostenean, 2021. urtean Zarauzko kaleetan egindako behaketen datuak, emaitzak eta ondorioak zehazten dira. Neurketa hau hiru aldiz egin da Zarautzen. Erabilera-datuak bost urteko maiztasunarekin jasotzen dira eta, ondorioz, hizkuntzen erabilerak gure herrian izan duen bilakaera jarraitzeko aukera ematen du. Hau da, gizartearen eraldaketaren isla ere badira txosten honetan aurkezten diren datuak.

Datu hauek herriko bost gune desberdinetan jaso dira: Alde Zaharra, Azken Portu, Itsasmendi eta Eroskiko gunea, Iñurritza eta Malekoia. Gune hauetan, guztira, 4.321 elkarrizketa behatu dira eta horietan 12.829 solaskidek parte hartu dute.

“Zarautz udalerri euskalduna da eta hala adierazten dute jasotako datuek. Pozgarria da, gaur egungo mundu globalizatu honetan, gure herrian euskararen erabilera mantentzeaz gain, gero eta haur, gazte eta heldu gehiagoren euskararen erabilera igo dela ikustea”, adierazi du Irune Urbieta (EAJ-PNV) Euskara zinegotziak.

Hona hemen kale neurketa honetatik ateratako ondorio nagusiak:

•    Zarauzko kaleetan euskararen erabilerak egonkor jarraitzen du, eta 10 lagunetik 5 ari dira euskaraz (%50,7), erdia baino zertxobait gutxiago gaztelaniaz (%47,2) eta % 2 beste hizkuntzaren batean.
•    Haurrek, gazteek eta helduek gora egin dute euskararen erabileran; adinekoek behera.
•    Gazteen euskararen erabilerak izan du igoerarik handiena.
•    Haur eta gazteen artean egiten da adinkideen artean euskararik gehien, eta horrek haur eta gazteek duten euskararenganako joera naturala erakusten du. Kanpoko eraginik gabe euskararen alde gehiago egiten dute. Helduek gazteagoekin harremanetan euskararen aldeko hautua indartzen dute.

Aurreko urteetako datuei erreparatuz, euskararen erabileraren datua igo egin da, 0,7 puntu 2011tik eta 0,2 2016tik. 2016ean egin zen azkenengo neurketatik, haurren euskararen erabilera 2,4 puntu igo da, gazteena 5 puntu eta helduena 1,9. Adinekoen euskararen erabilera, aldiz, 4,8 jaitsi da.

“Udalarentzat oso lagungarriak dira txosten honetako datuak. Alde batetik, gure herriko biztanleriaren hizkuntza ohituren gaur egungo argazkia eta bilakaera ezagutzeko eta, bestetik, Euskara sustatzen jarraitzeko martxan jarriko ditugun ekintzak diseinatzen laguntzeko”, amaitu du Urbietak.

Ohar honen amaieran aurki daiteke Soziolinguistika Klusterrak prestaturiko txosten osoa.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010