Asset Publisher
Back Herriko sarreretan segurtasuna
ZARAUZKO SARRERA-IRTEERETAN BIDE-SEGURTASUNA AREAGOTZEKO JARDUKETAK


2025/05/14
Udala, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, Zarauzko sarrera-irteeretan bide-segurtasuna areagotzeko hainbat jarduketa egiten ari da duela hilabete batzuetatik hona.
Hiru dira jarduera-multzo horren barruan esku hartuko den arreta-gune nagusiak. Lehenengoa N-634 errepidean egin da, herriaren mendebaldean, Munoa plazaren paretik lehen tuneleraino.
Bigarrena errepide horretan bertan egingo da, baina honen ekialdeko muturrean, Oriorako noranzkoan. Bi jarduketa horiek Foru Aldundiaren oniritzia dute, eta Udala horiek gauzatzeko lanean ari da.
Hirugarren eskuhartzea GI-2633 errepidean egingo da, Meagako igoeran. Jarduketa hau aurrekoak baino konplexuagoa da, eta Aldundia une honetan zonaldean egin daitezkeen esku-hartzeak aztertzen ari da.
Azken egun hauetan gauzatu den lehen jarduketari dagokionez, Zarauzko mendebaldeko sarreran pintatze-lanak egin dira, bi erreien banalerroa indartuz, haien ikuspena handitzeko, eta "dragoi-hortzak" deiturikoak gehituz. Horrela, bidea estutzeko efektua sortzen da, eta horrek areagotu egiten du gidarien arreta, abiadura murriztuz eta, ondorioz, inguruko bide-segurtasuna handituz.
Era berean, gune horretan aurreratzeko aukera ematen zuen lerro eten bat ere kendu da, eta horrek segurtasunik eza sortzen zuen pasealekuko, portuko eta, oro har, inguruko erabiltzaileen artean.
Azkenik, zonako seinaleak berrikusi eta aldatu dira, abiadura murriztea sustatzeko, segurtasunaren mesedetan.
Gervasio Gabirondo (EAJ-PNV) Herritarren Segurtasunerako zinegotziak azaldu duenez, "herrira sartzeko bideak funtsezkoak dira, eta azpimarra jarri behar dugu puntu hauetan ibilgailuek abiadura murriztu dezaten Zarauzko hiri-bilbera iritsi aurretik. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin lankidetzan, Zarauzko hiru sarrera nagusiak berrikusi ditugu, eta, aurreikusitako jarduerak egin ondoren, horietan segurtasuna handitzea lortuko dugu".
Bestalde, Iker Basurko Mugikortasuneko zinegotziak (EAJ-PNV) adierazi duenez, "jarduera horiek Mugikortasuna, Errespetua eta Bizikidetza proiektuaren barruan kokatzen dira. Proiektu horrek herriko mugikortasuna osatzen duten eragileak sentsibilizatzeko eta kontzientziatzeko ekintzak biltzen ditu, baita Zarautzen bide-segurtasuna areagotzeko pentsatutako horrelako jarduera zehatzak ere".
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
