Asset Publisher

Back Gau Beltza Museoan

Twitter

GAU BELTZA OSPATZEKO BISITAK ZARAUZKO HILERRIRIK ZAHARRENEAN

2024/10/29

Gau Beltzaren ospakizunekin bat egingo du Zarauzko Arte eta Historia museoak azaroaren 1, 2 eta 3ko asteburuan antolatu dituen bisita gidatu bereziekin. Koktel berezia prestatu dute Arimen Gauerako, izan ere, Santu Guztien Egunean hilerria bisitatzea ohitura den bezala, museoak herriko hilerririk zaharrena, 1.000 urtetik gora dituen hilerria ezagutzeko aukera emango du aurten ere: Erdi Aroko nekropoli ikusgarria.

Gure arbasoen historia gertutik ezagutu ahal izango da gaurdaino bikain kontserbatu den lurpeko aztarnategian, kristalezko zoruaren gainean. Nork daki Burdin Aroko aztarnen artean, jaioberri baten hilobia aurkitu zela? Hau izango ote da gure zarauztar arbasorik zaharrena? Jarraian Erdi Aroko gure aitona-amonen “aitona-amonak” izango liratekeen VIII. eta IX. mendeko hilobi kristauak bisitatuko dira, Gipuzkoan ezagutzen diren zaharrenak. Beraien hilobiratze erritoez, bizitza baldintzez eta bizimoduaz hitz egingo da, gaur egungo garaien oso desberdinak. Hilobi horien artean, adibidez, Zarauz familiaren hilobia aurkitzen da, antzina Zarauzko familiarik garrantzitsua izan zena; Torre Luzea, Kanpandorrea eta Narros Jauregiko jabeak izan zirenak, besteak beste.

Zarauzko hilerria lekuz aldatu zen, Velasco Doktoreak erositako Villa Mundako lurretara pasa zen. Pertsonaia garrantzitsu bezain eszentriko hau ezagutzea ezinbestekoa da Zarauzko egungo hilerria Untzaingo lurretara nola igaro zen ezagutzeko; azken hau izanik zarauztar gehienok bisitatu dugun hilerri bakarra.

Baina Gau Beltza aitzakiatzat hartuta, Zarauzko hilerririk zaharrenera gerturatuko gara eta aspaldiko garaietako Zarauztarren bizitzan murgilduko gara; Santu Guztien Eguna eta Arimen Gaua ospatzeko Zarauzko historia eta Zarauzko hildakoak berpiztuz.

Gau Beltzako asteburuko bisita gidatu bereziak:
-    Azaroak 1, ostirala: 16:30tan
-    Azaroak 2, larunbata: 12:30 eta 16:30tan
-    Azaroak 3, igandea: 16:30tan
Elkargunea: Zarauzko Arte eta Historia Museoa
Erreserbak: info@menosca.com
Prezioa: 2,10€/pertsonako
Hizkuntza: elebiduna
Plaza mugatuak. Erreserbak egiteko eta zalantzak argitzeko: info@menosca.com.

ZARAUZKO ARTE ETA HISTORIA MUSEOA
Elizaurre 1 (Parrokiko kanpandorrea)
20800 Zarautz
943 83 52 81
www.menosca.com
Museoaren irekiera ordutegia: ostiral eta larunbatetan 10:00-14:00 eta 16:00-18:00. Igande eta jaiegunetan 16:00-18:00

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010