Asset Publisher
Back Euskararen Eguna gomendioak
EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO DEIALDIA


2025/12/03
Euskararen Egunak hausnarketara garamatza. Euskara da zarauztarron berezko hizkuntza, eta gure nortasunaren adierazgarri nagusia, eta gastronomia, ondarea… zaintzen ditugun moduan, hizkuntza ere zaindu egin nahi dugu.
Hori dela eta, Euskararen Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, Zarauzko Udalak euskararen erabilerari buruz hausnartzeko eta neurriak hartzeko gonbita egin die herritarrei. Izan ere, euskararen etorkizuna ez da soilik erakundeen esku dagoen zerbait; herritar bakoitzaren eguneroko erabakien emaitza ere bada.
Horren harira, galdera iradokitzaile bat ageri da Etxezabalako erakusleihoan: “ZARAUTZ EUSKALDUNA NAHI DUZU?”. Mezu horren bidez, Udalak zarauztar guztiak animatu nahi ditu euskara gero eta gehiago erabiltzera, eta eguneroko bizitzan har ditzakegun hainbat erabaki txiki eta errazen proposamena ere egiten du bertan. Keinu sinple horiek ere benetako aldaketarako gako izan baitaitezke.
Zarautz, eredu
Zarautz herri euskalduna da, 20.000 biztanletik gorako Euskal Herriko herri euskaldunena, eta horrek ardura berezia ematen dio. Badira gurea baino herri euskaldunagoak, baina oro har herri txikiagoak dira, ez dute gureak bezainbeste zerbitzu, kirol eta kultur elkarte… eta ez dute gureak bezainbeste bisitari jasotzen. Alde horretatik, Zarautzek prestigioa eta ikusgarritasuna ematen dizkio euskarari, eta herri euskaldun erreferente gisa, euskararen biziberritzean eredu izatea dagokio. Zarauztarrok, beraz, euskaraz bizitzeko aukera eta ardura berezia ditugu.
Datuek erabileran jarria dute arreta
Azken urteetan Zarauzko biztanleria hazi egin da, eta euskaraz dakitenen kopurua ere bai. Hala ere, Udalak kezka iturri den datu bat nabarmendu du: euskararen erabilera kalean mantendu den arren, azken 20 urteetan, etxeko erabilera beherantz doa.
Euskara etxean erabiltzeak berebiziko garrantzia du, kate-efektua sortzen baitu: etxean euskara hizkuntza naturala bada, beste esparruetan ere, hala nola, lagunartean, dendetan edo kirolean, euskaraz jarduteko inertzia eta erraztasuna handiagoa izango da. Etxea da hizkuntzaren transmisioaren eta normalizazioaren lehen eskola.
Udalaren aholku praktikoak
Beraz, esparru horri buelta emateko eta euskara eguneroko bizitzan gero eta gehiago erabiltzeko, Udalak hainbat aholku praktiko ematen ditu, ekintza txiki eta zehatzen garrantzia azpimarratuz:
1. Hizkuntza-erabilera eta elkarrekintza:
• Lehen hitza euskaraz: Ahalegindu beti lehen hitza euskaraz egiten. Eta hortik aurrera, euskaraz jarraitu euskara ulertzen dutenekin.
• Datu garrantzitsua: Zarauztarren %73,45a gai da euskaraz hitz egiteko, eta beste %13a ulertzeko gai da. Beraz, zarauztarren %86,45arekin euskaraz komunikatzeko aukera dugu.
2. Zerbitzuak eta Erakundeak:
• Zerbitzu publikoetan: egin ahalegina Udalean, anbulatorioan, bankuetan eta beste hainbat zerbitzuetan euskaraz jarduteko. Horrela, eskaria egiten dugu eta normalizazioan lagundu.
3. Mundu Digitala eta Teknologia:
• Plataforma digitalak: Webguneetan, aplikazioetan eta sare sozialetan ere euskaraz aritu eta kontsumitu.
• Gailuen konfigurazioa: Telefonoa, ordenagailua eta gure txartelak (bankukoak, liburutegikoak...) euskaraz konfiguratu. Euskara gure ingurune teknologikoaren hizkuntza lehenetsia izan dadila.
4. Kultura eta Aisialdia:
• Euskarazko kultura kontsumitu: Egin ahalegina euskarazko produktuak kontsumitzeko (liburuak, jolasak, musika, zinea, irratia eta telebista...). Euskarazko sorkuntza bultzatzeaz gain, kalitatezko aisialdia euskaraz gozatzeko ohitura hartu.
5. Euskara ikasten dabiltzanekin zubiak eraiki:
• Pazientziaz jokatu, mantsoago hitz egin, euskaraz hitz egiteko aukera eskaini, ulertzen dutenei euskara entzuteko aukera eskaini…
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010
