Asset Publisher

Back Euskaraldia 2022

Twitter

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA: EUSKARALDIA

2022/10/20

Euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa soziala da Euskaraldia, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua. Beste era batera esanda, Euskaraldiaren helburu nagusia euskara ulertzen duten herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 

Ariketa sozial honen hirugarren edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean izango da. Edizio berri honen leloak dioen bezala HITZEZ EKITEKO GARAIA dela esan nahi diogu gizarteari, beste pauso bat eman dezagula euskararen erabileran, alegia.  
Euskal Autonomia Erkidegoko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko herri eta entitateetan gauzatu ahal izango da. Aurreko edizioetan 4.500 zarauztar inguruk eta 250 entitatek hartu zuten parte.

Edizio berri honek bi helburu nagusi izango ditu. Batetik, Euskaraldian parte hartzen duten norbanako eta entitateek euskarazko praktikak hedatzeko urrats berriak ematea. Eta bestetik, parte hartzea hedatzea: ahobizi, belarriprest eta arigune gehiago izatea.  

Ariketa sozialean bi parte hartze mota egongo dira. Alde batetik, herritarrak. Gutxienez euskara ulertzen duten 16 urtetik gorako norbanakoek ahobizi eta belarriprest gisa hartuko dute parte, jokabide bat edo beste aukeratuz. Beste alde batetik, entitateak. Mota guztietako entitateek hartu ahal izango dute parte, ariguneak edo euskaraz lasai aritzeko guneak osatuta. Helburu nagusia entitate hauen baitako harremanetan euskararen erabilera handitzea izango da.

Euskaraldiaren xedeak bat datoz Zarauzko Udalak ezarriak dituen helburu estrategikoekin, eta Udalaren hizkuntza politika indartu eta sakontzeko aukera paregabea ematen digute.
Horrenbestez, Zarauzko Udalak honakoa adierazi nahi du:

  1. Zarauzko Udalak bat egiten du Euskaraldiarekin eta ekimenaren sustatzaile izango da. Erantzukizunez eta eredugarritasunez jokatzeko konpromisoa hartzen du eta hamabost eguneko ariketa egingo du, 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitartean.
  2. Ordezkari politikoon egiteko nagusia izango da Euskaraldiaren markoan eta bereziki udal barrura begira ekimena zabaltzea.
  3. Ekimen honetan ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu, arduradun politikoak izan nahiz langileak izan.
  4. Udal egituran, langile nahiz udal ordezkarien artean, kanpo eta barne ariguneak osatzeko, babesteko eta sustatzeko konpromisoa hartzen dugu. Hizkuntza ohiturak finkatu eta egonkortzeko asmoarekin. 
  5. Zarauzko Udalak neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible  izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko. 
  6. Zarauzko Udalak, udal barruan ez ezik udalerrian ere, ekimenaren sustatzaile gisa, herritarrak gonbidatuko ditu Euskaraldiko ekimenean parte har dezaten eta izena emateko bideak erraztuko ditu.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010