Asset Publisher
Back

Euskaraldia

Euskaraldia

Informazioa

 

 

 

Euskaraldia euskara ulertzen duten hiztunen arteko ahozko hizkuntza-ohiturak aldatzeko ariketa sozial masiboa da, gizartearen gune guztietara zabaldua eta denborari dagokionez mugatua.

EUSKARALDIA euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala da, eta parte hartzeko gutxieneko baldintza 16 urte beteta izatea eta euskara ulertzea da. Beste era batera esanda, herritar euskaltzaleak aktibatu eta helduen hizkuntza-ohiturak aldatzea du helburu, euskararen mesedetan.

2018an egin zen lehen aldiz ariketa, "Euskaraldia: 11 egun euskaraz"; orduan norbanakoengan jarri zen fokua eta milaka izan ziren hizkuntza ohiturak aldatzeko helburuarekin ahobizi eta belarriprest moduan ariketan parte hartu zutenak.

2020an egingo da bigarren edizioa, eta, oraingoan, entitateei ere ariketan parte hartzeko gonbidapena egingo zaie, euren eremuetan hizkuntza ohiturak aldatzeko urratsak ematen has daitezen, eta entitateko kideen parte-hartzea sustatu eta babestu dezaten.

Euskaraldia ariketa edo praktika kolektiboa da, eta ariketa horretan maila pertsonalean edota kolektiboan parte hartu ahal izango da.

Euskaraldia ondoko helburuekin sortu da:

  • Hiztunen hizkuntza ohituretan eragitea, euskarazko hizkuntza praktikak hedatzeko
  • Norberaren hizkuntza portaera eta ohituren inguruan gogoeta eragin eta aldaketan lagungarri izatea
  • Inertziak apurtzea
  • Gizartean eragina duten era guztietako entitateek hizkuntza ohitura aldaketan babes neurriak hartzea
  • Gizarte aktibazioa, ariketa kolektiboaren bidez
  • Herriz herriko euskaltzaleen artikulazioa bultzatzea
  • Euskararen aldeko eragileak ekimen bateratu baten bueltan antolatzea

1. edizioa 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra egin genuen Euskal Herri osoan denok batera, eta parte hartzea handia izan zen. Zarautzen, esaterako, 4.500 zarauztarrek baino gehiagok parte hartu zuten, eta Euskal Herria osoan 225.000 pertsonak eman zuten izena.

 2020ko edizioa

I. edizioan egin moduan, II. edizioan ere, Euskaraldiak ahobizi eta belarriprestei proposatuko die, 15 egunetan, euren egunerokoan ariketa egitea. Baina horretaz gain, entitateei ere parte hartzeko gonbita egingo zaie. Entitate horiek euskaraz mintzatzeko gai diren hiztun taldeak identifikatu beharko dituzte: ARIGUNEAK. Horrela, taldean ere hizkuntza ohiturak euskararen mesedetan aldatzeko ariketa egin ahal izango dute.

 

NORBANAKOAK:

  • AHOBIZI: Ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet. Batzuetan zaila izan arren, elkarrizketa elebidunetan ere euskarari eusten diot kideek ulertzen dutenean.
  • BELARRIPREST: Egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.

 

ENTITATEAK: ARIGUNEAK

ARIGUNEAK: Euskaraz lasai aritzeko guneak dira, bertako kide guztiek euskara ulertu eta denek edo gehien-gehienek ariketa taldean egitea erabaki baitute. Entitatearen funtzionamenduan dagoeneko eratuta dauden taldeak edo espazioak dira, eta hizkuntza-praktikak euskarara aldatzea edo finkatzea dute helburu. Bi motakoak izan daitezke.

  • Barne-ariguneak: ohiko funtzionamendurako taldeak dira (sailak, zerbitzuak, kirol-taldeak, lan-taldeak, asanbladak…) eta bertako kide guztiek euskara ulertzeaz gain, kideen % 80 gutxienez ahobizi edo belarriprest modura ariketan parte hartzeko prest dago.
  • Kanpo-ariguneak: entitatean herritarrekiko harreman espazioetan (harreran, telefonoan, kutxetan, barran…) dauden pertsonek herritarrekin osatutako arigunea da. Espazio horietan beti egongo da belarriprest edo ahobizi den kide bat, gutxienez, herritarraren hizkuntza aukera bermatzeko.

 

Entitateko kideek ahobizi eta belarriprest moduan hartuko dute parte ariketan. Horietako batzuk ariguneetan egongo dira eta beste batzuk ez.

 

Zein entitatek parte har dezakete?

Mota guztietako entitateek: erakunde publikoek, gizarte eragileek, enpresek, kooperatibek, kultur eta kirol taldeek, etab.; tokian tokikoek, eskualde mailakoek, lurralde batekoek zein Euskal Herri osokoek.

 

Entitateei proposatutako ariketa egin ahal izateko, gutxienez, barne-arigune edota kanpo-arigune bat izatea bermatu behar dute.

 

Arigunerik ez duten entitateek beste galdetegi batean emango dute izena, hala, kideen prestaketa egin eta aurrerapausoak emateko jarraibideak jasoko dituzte, eta norbanakoen ariketa sustatu eta ariguneak sortzeko neurriak hartzeko gonbidapena egingo zaie.

 

INFORMAZIO GEHIAGO:

 

Zarautzen boluntario talde bat Gazteleku azpiko lokalean elkartzen da tarteka-tarteka Euskaraldiaren inguruko jarduerak antolatzeko. Batzorde hori irekia da eta interesa duen edonork parte har dezake bertan.

Hurrengo bilera noiz den jakin nahi baduzu, jarri zaitez harremanetan Zarauzko dinamizatzailearekin: zarautz@euskaraldia.eus / 688 71 40 85 (Alazne Aizpurua)


Web Content Display

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010