Asset Publisher

Back Euskaltegiko ikasturtearen aurkezpena

Twitter

ZARAUZKO UDAL EUSKALTEGIAK 2021-2022 IKASTURTEARI BEGIRA LANEAN DIARDU

2021/09/08

Zarauzko Udal Euskaltegiak bere 39. ikasturteari hasiera emango dio datozen asteetan eta, horretarako, eskaintzen dituen ikastaro desberdinetarako izen emate epea ireki du. Interesdunek, datorren irailaren 24a bitartean inskripzioa egiteko aukera izango dute.

Izen ematea Euskaltegian bertan (Iturribide kalea 28), telefonoz (943131153 edo 943855084) edota euskaltegia@zarautz.eus helbide elektronikoaren bitartez egiteko aukera izango da.

Bi eratako ikastaroak eskaintzen dira: aurrez aurrekoak eta online. Aurrez aurre A1, A2, B1, B2 eta C1 mailak egiteko aukera dago, astean 3 edo 4 egunetan, mailaren arabera. On line ikastaroan A1 eta A2 mailetan astero ordubeteko tutoretza egiten da; B1, B2 eta C1 mailetan, hamabostean behin tutoretza eta astean behin mintzasaioa; C2 mailan, asteroko tutoretza.

Gaur goizean egindako ikasturte berriaren aurkezpenen saioan Irune Urbieta (EAJ-PNV) Euskara zinegotziak adierazi du “Udalak euskara sustatzeko konpromiso irmoa” duela eta “euskara ikasteko asmoa daukaten pertsonei lagundu” nahi diela. Horretarako Udalak beka sistema bat dauka: euskara ikasten ari diren pertsonei matrikularen %75 itzultzen die, baldin eta emandako orduen %80 betetzen badituzte. Ikastaroan zehar langabezian daudenei %100 itzultzen die.

Horretaz gain, HABEren azterketaren bat edo B2ra bitarteko mailaren bat gainditzen duenak erakunde horri dirulaguntza eska diezaioke, eta dagokion dirulaguntza HABE eta Udalaren artean osatuko da.

“Gure irakaskuntzaren ardatza ikaslea da, eta gure metodologia hizkuntzaren ikuspegi komunikatiboan oinarritua dago, ekintza komunikatibotan definitua, hizkuntzarekin gauzak eginez ikasten baita euskara. Era berean, gure inguruko ezaugarri eta egoera soziolinguistikora egokitu dugu gure jarduna” azaldu du Alitxu Larrañaga Euskaltegiko zuzendariak.

Urtero bezala, Jubilatuentzako taldeak ere izango ditugu, baita AISA-Harrera ikastaroa ere, Gizarte zerbitzuetako departamentuko Immigrazio eta kultur aniztasuneko teknikariekin elkarlanean antolatuta, herrira iritsitako etorkinak euskara ikasten hasteko, eta Udalaren hainbat zerbitzuren berri jasotzeko. DBHn dabiltzan etorkin gaztetxoentzat ere euskara indartzeko ikastaroak ematen dira, Udaleko Euskara Zerbitzuarekin eta herriko ikastetxeekin elkarlanean antolatuta.

Horiez gain, euskara erabiltzeko, Mintzalaguna eskaintzen da. Urola Kostako Udal Elkarteak antolatzen du egitasmoa interesgarri hau eta hala nahi duten ikasleek astero talde txikian euskara erabiltzeko aukera dute.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010