Asset Publisher

Back Etxebizitzaren egoera azterlana

Twitter

“AZTERLANAREN DATUAK ESKUAN, ZARAUZTARREI ETXEBIZITZARAKO SARBIDEA ERRAZTEKO LANEAN JARRAITUKO DUGU”

2024/06/07

Joan den urtearen amaieran, Zarauzko Udalak udalerriko etxebizitzaren egoerari eta apartamentu eta etxebizitza turistikoen eraginari buruzko azterlana martxan jarri zuen, datuetan oinarritutako diagnosia egin eta antzemandako beharrei ahalik eta erantzunik egokiena emateko borondatearekin.

IKEI Aholkularitzak egindako azterlana jaso du Udalak eta diagnosia herritarrekin partekatze aldera txostena udal webgunean jarri du eskuragarri, euskaraz zein gazteleraz. Txostena herritarrekin partekatzearekin batera emaitzen lehen errepaso bat ere partekatu nahi izan dute herri ordezkariek. “Gaur egun Zarautzen 11.913 etxebizitza daude, Iñurritzan eta Alde Zaharrean dago etxebizitza gehien, 2.827 eta 2.527 etxebizitza hurrenez hurren” azaldu du Zarauzko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza arloetako zinegotzia den Garbiñe Oiarbidek. “Azterketa honek konfirmatzen du, Gipuzkoako datuekin alderatuta, Zarautzen etxebizitza bat erosteak edo alokatzeak, esfortzu handia suposatzen duela, Donostiako prezioetatik behera bagaude ere, Gipuzkoako batez-bestekotik nahiko gora gabiltza” azaldu du Oiarbidek eta jarraitu du “bide horretan gure konpromisoa da etxebizitza babestuak sustatzeko egiten ari garen lanari jarraipena ematea, zarauztarrei etxebizitzarako sarbidea errazteko”. Etxebizitza zinegotziak azaldu du azken bi legealditan 222 etxebizitza babestu eraiki direla Zarautzen, momentu honetan beste 454 eraikitzen ari direla eta legealdi honetan, edo hurrengoan, beste 275 egiteko plangintzak martxan direla dagoeneko, “Etxebizitza planaren fase berri honetan alokairu babestuak garrantzia berezia hartuko du, 406 etxebizitza eraikiko dira erregimen horretan”.

Datuekin jarraituz, etxebizitza turistikoen gaiari ere heldu dio Oiarbidek “nolabaiteko kezka sumatzen da kalean gai honen inguruan, ohiko etxebizitzari lekua kentzen ote dion etxebizitza turistikoak, eta esan beharra dago ohiko bizileku diren etxeen ehunekoak gora egin duela azken hamarkadan”. INEk 2011n kaleratutako datuen arabera Zarauzko etxebizitzen % 73,7 ziren ohiko bizitoki eta gaur egun ehuneko hori ia %80ra igo dela azpimarratu du zinegotziak “1000 etxebizitza gehiago dira egun ohiko bizitoki” azaldu du.

Azterlanak zehazten du herrian 907 etxebizitza huts daudela, guztizko kopuruaren %7,6, eta etxe hutsen ehuneko altuenak dituzten auzoak Itsasertza, Iñurritza eta Itxasmendi dira, “jabeak batez ere zarauztarrak edo gipuzkoarrak dira, %40,1 eta %40,3, hurrenez hurren” nabarmendu du Oiarbidek “ohiko ez diren etxebizitzen kasuan ere antzerako datuak azaleratu ditu azterlanak, eta bai kasu batean eta bai bestean jabeak norbanakoak dira ia kasu guztietan”.

Lokal hutsen kasuan, Zarautzen 1.607 lokal huts daude, kopuru aldetik gehienak Alde Zaharrean daude, 156 lokal, baina Itxasmendin (% 71,9) eta Azken Portun (% 58,5) daude lokal huts portzentaje altuenak. “Lokalei dagokienez, auzoz auzo era desberdinetako esku hartzeen beharra agerikoa da” azaldu du Hirigintza zinegotziak, “merkataritza suspertzeko kasu batzuetan edota lokalei etxebizitza erabilera emateko beste batzuetan”.

Azterketako datuetan oinarritutako diagnosiak eta gomendioek aukera emango diote orain Udalari herritarrekin eta gaiari lotutako eragileekin hausnarketa prozesu bat martxan jartzeko eta, honen bitartez, hartu beharreko erabakiak eztabaidatzeko, bai epe laburrean –sortu edo aldatu behar diren ordenantzak, adibidez– eta baita epe luzeagoan ere –ZHAPOren berrikuspenean txertatzeko erabakiak–.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010