Asset Publisher

Back Azoka Ekologikoa Zarautz

Twitter

ELIKAGAI EKOLOGIKOEN AZOKA ZARAUTZERA IRITSI DA!

2026/08/17

Ostiral honetan, abuztuaren 21ean, iritsiko da Elikagai Ekologikoen Azoka Zarautzera, tokiko eta gertuko ekoizpen ekologikoa herritarrengana hurbiltzeko helburuarekin.

BIOLUR Elkarteak, Zarauzko Udalaren, Urkome eta ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzarekin antolatutako azokan, ingurumenarekiko errespetuz, animalien ongizatea bermatuz eta sintesi kimikoko produkturik erabili gabe ekoitzitako elikagai ekologiko ugari aurkitu ahal izango dira. Besteak beste, barazkiak, gaztak, eztia, ogia, mermeladak, olioa, eta bestelako produktu ekologikoak izango dira salgai.

Azokan bertan 12:00etatik 14:00etara sukaldaritza saioa izango da Miriam Chefintegrativa-ekin, eta bertan erositako elikagaiekin errezeta ezberdinak egiten erakutsiko digu, osasuntsu eta goxo elikatu gaitezen. Helburua argia da: herritarrak gerturatzea, jakin-mina piztea eta kontsumo ekologikorako urratsak erraztea.

Azoka hauek salerosketarako guneak baino askoz gehiago dira. Tokiko ekoizleen lana ezagutarazteko, herritarren eta ekoizleen arteko harreman zuzena sustatzeko eta elikadura burujabetzaren aldeko eredua indartzeko topaguneak dira. Gainera, kontsumitzaileek aukera izango dute elikagaiak nork eta nola ekoizten dituen ezagutzeko, gardentasunean, konfiantzan eta gertutasunean oinarritutako harremanak sendotuz.

Biolur elkarteko arduradunen hitzetan, "Azoka ekologiko ibiltarien ekimenarekin, eredu ekologikoa sustatu nahi dugu, plazetara eraman, eta ekoizleak izan daitezela zuzenean herritarri azaltzen dietenak nola ekoizten duten, eta zer onura duten elikagai ekologikoak. Ekimena hasita dago Bizkaia eta Araban, eta Gipuzkoan Zarautzeko urteko zitarekin hasiko dugu. Gure ustez, azokak badira espazio publikoak topagune bihurtzeko bitarteko, harremanak eraikitzeko, elikagai ezberdinak ezagutzeko, ikasteko, sareak sortzeko… Eta hau guztia sortzen da kontsumo eredua ezberdina delako, jaten dugun elikagaia zuzenean herrian, eta ekoizleari erostearen hautuak erosten dugun horren ezagutza eta kontzientzia hartze bat dakarrelako, beraz badira ere sentsibilizaziorako eta komunikaziorako espazio garrantzitsuak”.

Azkenik esan, azokaren astean, Turismo Bulegoan azokan erabili ahal diren 5 euroko bonoak banatuko dira, ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren laguntzari esker. Bono hauek Zarautzeko azokan erabili ahal izango dira, betiere 15 euroko gutxieneko elikagai ekologikoen erosketa egiten bada. Pertsona bakoitzak bono bakarra jaso ahal izango du, eta bonoak amaitu arte banatuko dira.

ENEEK-Ekolurra Kontseiluaren arabera, “azoka hauek bultzatuz, ekoizleen eta kontsumitzaileen arteko harreman zuzena indartu nahi dugu, eta elikagai ekologikoen atzean dagoen lana, konpromisoa eta balioa ikusgarri egin”.

Elikagai ekologikoak nekazaritza ekologikoaren printzipioei jarraituz ekoizten dira, lurzorua, biodibertsitatea eta baliabide naturalak zainduz. Urtero gutxienez kontrol bisita bat egiten zaie ekoizleei eta enpresei, Europar Batasuneko araudia betetzen dela bermatzeko. Horregatik, produktu ekologiko ziurtatuek Europar Batasuneko hosto berdearen zigilua daramate.

Inaxio Illarramendi (PSE-EE) Zarauzko Ingurumen zinegotziaren hitzetan, “horrelako azokek aukera ematen dute bertako ekoizle ekologikoak ezagutu, kalitatezko elikagaiak dastatu eta kontsumo arduratsuago baten aldeko urratsa egiteko. Horregatik, herritar guztiak gonbidatzen ditu abuztuaren 21ean egingo den azokara hurbiltzera”.

-    Lekua: Lege Zaharren enparantzan.                                                   
-    Eguna: abuztuaren 21ean. 
-    Ordua: 10:00-14:00.

 


​​​​​​​

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010