Asset Publisher
Back Autobus elektrikoak
IRIZAR E-MOBILITYk % 100 ELEKTRIKOAK IZANGO DIREN HIRU AUTOBUS BERRI EGINGO DITU ZARAUZKO UDALARENTZAT


2024/01/19
Zarauzko hiri-autobus zerbitzuak % 100 elektrikoak diren hiru autobus berri izango ditu 2024an, eta, horrela, herrian mugikortasun jasangarriagoa lortzeko bidea hartuko du. Hiru ibilgailu berri horiek erosteko kontratua lehiaketa publiko bidez esleitu zaio Adunan egoitza duen Irizar e-mobility enpresa gipuzkoarrari, 2.090.880 euroan (BEZa barne). Zarauzko Hiribusaren flota elektrifikatzeko proiektu honetarako Zarauzko Udalak 934.917 euroko dirulaguntza jaso du Next Generation europar funtsetatik.
Mende bat baino gehiagoko esperientzia du autobusen eta autokarren fabrikazioaren munduan, eta 2016az geroztik, Irizarrek instalazio espezifiko bat du elektromugikortasuneko soluzio integralak eskaintzeko, bere funtzio nagusia autobus elektrikoen fabrikazioa izanik.
Aukeratutako modeloa Irizar ie bus da, 12 metro luze eta zero igorpenekoa, eta ingurumen-onurak eta zarata-maila minimoak dakartza. Eredu horrek 206 kW-eko propultsio % 100 elektrikoa du, eta horrek 350 kilometroko autonomia ahalbidetzen du hiri-inguruneetan.
Ibilgailu horiek 30 besaulki, gurpil-aulkirako gune bat eta mugikortasun urriko pertsonentzako 4 eserleku dituzte, 75 bidaiari eramateko edukierarekin. Irisgarritasuna errazteko, 3 ate dituzte, barruan zirkulazio egokia ahalbidetzen dutenak.
Autobusak oraingoak baino zertxobait luzeagoak izango dira, eta horrek ibilbideak minimoki eraldatzera eta igarotzeko behar bezala prestatzera eramango du zerbitzua; hala ere, ibilgailu horiekin erabiltzailearentzako edukiera eta erosotasuna handituko dira.
Hiru autobusekin batera, Irizar e-mobilityk bi kargadore bikoitzez hornituko du Udal zerbitzu honen kotxetegia.
Iker Basurko Mugikortasuneko zinegotzia enpresa gipuzkoarraren lantegian izan da, hiru autobus elektriko berri horien fabrikazioa bertatik bertara jarraitzeko. Autobus horiek Zarauzko hiri-autobus zerbitzuaren deskarbonizazioa ekarriko dute, eta hirian mugikortasun berdeagoa eta iraunkorragoa lortzeko bidean ekarpena egingo dute. Mugikortasuneko zinegotziak adierazi duenez, "iritsi da unea denok mugikortasun iraunkorrago baterantz bideratzeko, baita gure hiri-autobusen zerbitzua ere. Hiru autobus elektriko berri horiek aurrerapauso handia izango dira gure garraio publikoaren kalitatean."
Ibilgailuen hornikuntzarekin batera, erabiltzailearekiko komunikazioa hobetzeko ekimen garrantzitsuak ere jasotzen dira, itxaronaldian zein ibilgailuan bertan informazioa emanez.
Bestalde, Irizar e-mobilityko Zuzendari Nagusiak, Iñigo Etxeberria, adierazi duenez “Zarauzko Udalarekin lankidetzan aritzeak ilusio berezia egiten digu, batez ere Zarautzekiko gertutasunagatik eta gure familiei gure produktua erabiltzeko ematen digun aukeragatik. Harro gaude zarauztarren bizi-kalitatea hobetzen laguntzeaz, udalerriko mugikortasun iraunkorra eta osasungarria sustatuz”.
Gaur egun, mota horretako ibilgailuen eskaria oso handia da, eta entregatzeko epeak urte eta erdi ingurukoak izaten dira. Hori dela eta, Zarauzko Udalak positibotzat baloratu lizitazio honetan autobusen eskuragarritasun azkarra, eta aurreikusten da ibilgailu hauek uda honetan bertan gure kaleetan lehen probak egiten aritzea.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010