Asset Publisher
Back Aurrekontuak 2022
“2022AN ZARAUTZ BERRAKTIBAZEKO AURREKONTU POTENTEAK” ONARTU DITU ZARAUZKO UDALAK


2021/11/12
Atzo arratsaldean ospaturiko ez-ohiko udalbatzarrean 2022. urterako Zarauzko Udalaren aurrekontuei hasierako onespena eman zitzaien. Udal Gobernua osatzen duten EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen babesa eta oposizioko EHBildu eta Podemos-Equo-Berdeaken aurkako bozka jaso zuten aurrekontuek. Jesus Arana (EAJ-PNV) Ogasun eta Finantzetako zinegotziak azaldu duenez, aurrekontu hauekin “pandemia aurretik Zarautzek eta zarauztarrok genuen gizarte dinamiko, solidario eta ekintzailea berraktibatu nahi dugu. Eta aurrera begira, hobetu eta indartu. Horretarako, zerbitzuak indartu, diru-laguntzak bultzatu, era guztietako ekitaldiak sustatu eta inbertsio kapitulu garrantzitsu bat izango dituen aurrekontuak aurkeztu ditugu”.
Udal Gobernuak 44.034.184,26€ ko aurrekontua aurkeztu du 2022 urterako.
“Nabarmentzekoa da”, Aranaren hitzetan, “beste behin, herritarren kezka eta interesekin lerrokatutako aurrekontuak aurkezten ditugula”. Aurreko urtearen antzera, Gizarte Politikek, Kulturak eta Kirolak garrantzia handia izango dute. Hala nola, Gizarte Politiketara 5.054.621,45 €-ko gastua bideratuko da (217,47€/bizt.), Kulturara 5.247.214,24 €-koa, (225,75 €/bizt.) eta Kirol arlora, berriz, 3.731.891,55 €-ko (160,55 €/bizt.) gastua.
Inbertsioen atalean, Ogasun eta Finantza zinegotziaren esanetan, “herrigintza, Ingurumena, ekonomia, lan postuak sortzea, bertako merkataritza (0Km) sustatzea eta Gizarte Politikak dituzte ardatz”. “Agenda 2030eko helburuekin lerrokatutako aurrekontuak direla” azpimarratu du Aranak.
“Aipatzekoa da erosi berri dugun Santa Klarako konbentuaren ordainketa, lau urteetan burutuko duguna (1.282.356 €/urteko) eta etorkizuneko Zarautzen diseinuan oinarrizko eragina izango duen inbertsioa estrategikoa dena”. Komentuaren erosketaz gain, esanguratsua da 2022. urtean haur parkeak eraberritzeko egingo den 603.500 €-ko inbertsioa.
Merkatu plazan egingo diren lanak ere nabarmendu ditu Aranak, “Udal Gobernu honek lehen sektorearekin, bertako produktuekin eta merkataritzarekin duen konpromezua agerian jartzen” baitu. Azkenik, aipagarriak dira, baita ere, aurtengo aurrekontuetan komun publiko autogarbigarrietan (480.000 €), Vista Alegre goiko igogailuan (205.700 €), Astiko kantina berrian (200.000 €) edota Zelai Ondoko bolatokiaren estalpean (150.000,00 €) aurreikusten diren inbertsioak, besteak beste.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010