Asset Publisher

Back Appa ekitaldia

Twitter

APPA ZARAUTZ EGITASMOAREN LEHEN EDIZIOA ARRAKASTATSUA IZAN DA ETA AUKERA EMANGO DU ETORKIZUNEAN ZARAUZKO 2030 AGENDAREN GARAPENERAKO ONLINE EKINTZAK EGITEKO

2023/03/31

Zarauzko Udalak ‘APPA Zarautz’ online lehiaketaren lehen edizioa itxi berri du, begirada etorkizunean jarrita. 1.000 pertsonek baino gehiagok hartu dute parte martxoaren 1etik 18ra bitartean antolatutako esperientzia berri honetan; herriaren egunerokotasunarekin eta etorkizunarekin erlazionatutakoa 7 galdera erantzun dituzte egunero (kultura, aisialdia, demografia, euskara, natura eta kuriositateak, besteak beste), herriko gazteenen artean Agenda 2030 eta Garapen Jasangarrirako Helburuak ezagutzera ematea helburu.

Ekintza hau Zarautz 2030 Plan Estrategikoaren barruan kokatzen da; Plan hori aho batez onartu zuten Udal talde politiko guztiek 2022ko urrian, eta herriko askotariko agenteen parte hartzearen emaitza izan da. 2023.urtea bitarteko ibilbide orria da, 5 lerro estrategiko, 22 programa eta 117 ekintza jasotzen dituena, udalerriaren etorkizuna eta hori gauzatzeko moduak marrazten dituena, herri osoaren parte-hartzea bermatzea helburu duen lankidetza-eredu aurreratu batean oinarrituta.

“Oso pozik gaude lortutako atxikimenduarekin. Agenda 2030 eta honen helburuekiko Zarautzek egin duen apustua aitzindaria da, eta formatu hau ere oso berritzailea izan da. Gizarte berrikuntzarako ariketa bat izan da eta, lortutako emaitzei esker, amets egiten jarraitu nahi dugu; APPA Zarautzek eskaintzen dizkigun aukerak baliatu eta herritarrekin konektatzera iristeko ekintzak diseinatuko ditugu”, azaldu du Xabier Txurruka Alkateak.

Aplikazioa oso arrakastatsua izan da eguneko erronka formatuagatik, baita irudi, eduki eta sarien erakargarritasunagatik ere. Aplikazioa Zarauzko Udaleko Proiektu Estrategikoen arloak hala eskatuta garatu du CodeSyntax enpresak, “Egunean behin” modelo ezaguna oinarri hartuta. “Asko dira sortu eta garatzen hastea lortzen ez duten aplikazioak, baina, ikastetxeen babesari esker eta zuzendaritza ezberdinek egindako lanari esker, gazteekin konektatzea eta Zarauzko egunerokotasunera gerturatzea lortu dugu”, adierazi du Iker Basurkok, Proiektu Estrategikoen, Berrikuntzaren eta Agenda 2030aren zinegotzi arduradunak. “Formatu honen arrakastak beste publiko bati zuzendutako online ekimenak antolatzeko aukera zabaltzen digu, Agenda 2030 Zarautzen dinamizatzea helburu”.

Ekintza martxoaren 24ean amaitu zen, Modelo aretoan antolatutako ekitaldiarekin. Bertan, Kai Nakai TikTok plataformako artista eta Andoni Iruretagoiena ‘Izeta VI” kirolariek hartu zuten parte; biak ekimenaren sustatzaileak izan dira, Nadia Erostarbe surflari zarauztarrarekin batera. Ekitaldia Julen Portillo komiko zarauztarrak gidatu zuen eta, bertan, bertako merkataritza eta ostalaritza establezimenduek eskainitako sariak zozkatu ziren. Parte hartu ahal izateko ondoko baldintzak bete behar ziren: 14 eta 25 urte bitarte izatea eta 18 partidak burututa izatea.

Otsailaren 28an aurkeztu zen ekintza eta bertan izan ziren Xabier Txurruka, Alkatea eta Iker Basurko, Proiektu Estrategikoen, Berrikuntzaren eta Agenda 2030aren zinegotzia. Ekimena Zarautz 2030 Plan Estrategikoa garatzeko Zarauzko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Lehendakaritzako Berrikuntza Sozialerako Zuzendaritzarekin sinatutako aliantzaren esparruan kokatzen da. Aurkezpenean bi erakunde horietako ordezkari diren Sebastian Zurutuza eta Asier Aranbarri, hurrenez hurren, izan ziren, bi erakundeek Euskadin Agenda 2030 proiektua hedatzeko elkarlanean diharduten lan esparruan kokatzen den ekimen hau babesteko.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010