Asset Publisher
Back Alkatea Ebro Etxearen inguruan
“EBRO ETXEAREN INGURUAN EHBILDUK HAUSPOTU NAHI DITUEN SUSMO ETA BELDURREK EZ DUTE FUNDAMENTURIK”
2020/11/05
Xabier Txurruka (EAJ-PNV) Alkateak prentsaurrekoa eskaini du gaur eta, bertan, Ebro Etxea Ondare Historiko-Arkitektonikoaren Udal Katalogotik ateratzeko espedienteari azken Osoko Bilkuran eman zitzaion hasierako onespenaren inguruko terminoez argi eta garbi mintzatu da.
“Udal Gobernua Zarauzko ekipamendu sarea eta ondarea hobetzeko etengabe ari da lanean. Hor daude Torreoia, Modelo Aretoaren eraberritzea, Udal Musika Eskolaren erosketa, Astiko kirol instalazioetan hobekuntzak, Lizardi Kirol Aretoa eta aldagelak, Turismo Bulegoa, Emakumeen* Etxean, Aldapetako ekipamendu berriak, eta bidean datozen beste hainbat proiektu, batzuk oso potenteak. Hau honela, egindakoak eta egin behar ditugunak kontuan hartuta, etorkizun hurbilean Zarauzko Udalak erabaki beharko du nola bideratu nahi dituen bere baliabideak, bere ondarea, eta bere inbertsioak. Zer nolako ekipamendu sare publikoa bideratu nahi duen, eta non”, adierazi du Txurrukak.
Ebro Etxearen eraikinari dagokionez, “bere etorkizunari buruz edozein erabaki hartu aurretik, beharrezko jotzen genuen bere ondare balioa finkatuko zuen azterlan zehatza aditu bati eskatzea, eta hala egin dugu”, jarraitu du Alkateak. “Eraikin honi beste erabilera batzuk eman eta birgaitu edo zabaldu ahal izateko, egungo babes mailarekin mugatuta leudeken inbertsioak bideragarriak diren ala ez jakin behar dela argi daukagu. Besterik ez du esan Zarauzko EAJ-PNVk. Inork ez du esan eraikin hori eraistea denik EAJ-PNVren asmoa”, azpimarratu du Txurrukak.
“Eraisketaz hitz egiten ari direnei, gogorarazi nahi diet EAJ-PNV izan dela Vista Alegreko Torreoia birgaitu duena. Eta, egin dugu, EHBilduk Torreoiarentzat zuen proiektua atzera bota ondoren. EHBilduk Torreoia ‘ruina’ bat bezala mantentzea nahi zuen. Ez genuen bat egiten bere irizpideekin, proiektu horren Torreoiaren heriotza zekarrelako. EAJ-PNVk Torreoia eraberritu nahi zuen eta hala egin dugu, gure hitza betez. Esan eta egin”, nabarmendu du Alkateak.
“Nork esan du EAJ-PNVk Ebro Etxea eraitsi nahi duenik? Nork esan du Ebro Etxea bota eta etxebizitzak egiteko asmoa dagoenik? Denok dakigu zein egoera txarrean dagoen egun Ebro Etxea, baina egungo egoerak eta katalogazioak egokitasun tarte txikia uzten dio eraikinari. Horregatik, eman diogu hasierako onespena babestutako eraikinen katalogotik ateratzeko prozesuari. Orain hilabeteko epea zabalduko da herritarren ekarpenak, iradokizunak edo alegazioak jaso ahal izateko. Ondoren, jasotako alegazioak baloratu eta erantzun ondoren, dokumentu teknikoa berridatziko da, Eusko Jaurlaritzara eta Gipuzkoako Foru Aldundira bidaltzeko. Funtsezkoa izango da bi erakundeen irizpena eta, batez ere, eraikinaren birmoldaketarako baldintzen inguruko zehaztapenak, etorkizunean Udalak Ebro Etxea zertarako bidera lezakeen finkatu ahal izateko”, azaldu du Txurrukak.
Amaitzeko, Alkateak gaineratu du, “agintaldi honetan EAJ-PNVk ez duela Ebro Etxearen etorkizuneko erabileraz inolako erabakirik hartzeko asmorik. Beraz, EHBilduk prentsan hauspotu nahi izan dituen susmoak eta beldurrek ez dute inolako fundamenturik. EAJ-PNVk esan ez ditugunak zabalduz, espekulatzen eta alarma soziala elikatu nahian dabilela EHBildu, esango nuke”.
Iradokizunak Parte Hartu Newsletter
Bilatuenak
Bilatuenak
-
Larrialdiak112
-
Udaltzaingoa943 005 115
-
Udal Informazioa943 005 100Udal Informazioa Zarauztik010