Asset Publisher

Back Aldapetako lokalak

Twitter

“LOKALAK ENTREGATUTA, UDALAK SANTA ANA FUNDAZIOAREKIN ALDAPETAN ADOSTURIKOA BETE DU”

2022/02/04

Santa Ana Fundazioko lehendakari den Arantza Zabalegik eta Zarauzko Udalaren-Zarautz Lurren ordezkaritzan Xabier Txurrukak notario aurrean formalizatu dute aste honetan Santa Ana Fundazioari elkarren artean loturiko, 473m2-ko azalera osatzen duten, bi lokal eta hiru aparkaleku jabetzan entregatzea. Lokala Aldapetako eraikin berriko beheko solairuan dago, eta Fundazioak Egoitzan eskaintzen dituen zerbitzuak hobetzeko erabiliko du.

2016an sinatutako akordioan, Udalak, Aldapetako obra amaitu ondoren, Santa Ana Fundazioari 300m2-ko lokal bat eta garajea jabetza osoan emateko konpromisoa berretsi zuen, 2009ko abenduaren 9ko eskrituran aurreikusi bezala, Aldapetako sustapena martxan jarri ahal izateko emandako lursailen ordainketaren zati gisa. Udalak konpromisoa hartu zuen, gainera, Santa Ana Fundazioari jabetza osoan saltzeko eskrituran aurreikusitako lokalaren azalera gehigarria eta ibilgailuak Egoitzaren eraikinera sartu ahal izateko sarbide berria ahalbidetzea, dagoeneko amaituta dagoena. Ildo horretan, Udalak Fundazioari saldu dizkio lokalaren gainontzeko 173,50 m2-ak eta bi aparkaleku gehiago, eta Santa Ana Fundazioak, truke gisa, bere jabetzako 215 m2-ko lurzati pribatu eraikiezina entregatu du, Aldapetako eraikin berriaren atari-aurrean dagoena.

“Ez da erraza izan, baina azkenik gauzatu da; 2016an Santa Ana Fundazioarekin konpromisoa hartu genuen Fundazioak Zarauzko Udalari 2009ko abenduan saldutako lurren salerosketa-akordioa aurrera ateratzeko. Urte askotako lanaren ondoren, eta zailtasun batzuk medio, azkenean lortu dugu hitzartutakoa betetzea” adierazi du Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak. “Era honetan, Santa Ana Fundazioak esku artean duen asmo handiko proiektua gauzatu ahal izango du epe motzean, eta uste dugu proiektu hau zarauztarrentzat oso onuragarria izango dela”.

Bestalde, Santa Ana Fundazioko presidente den Arantza Zabalegik ekitaldi honetan nabarmendu nahi izan du hura buru duen Fundazioarentzat “une historikoa eta garrantzitsua” dela hau. Gogorarazi duenez, “2009tik 2016ra urte oso gogorrak eta gatazkatsuak izan ziren Udalarekin, garai hartako korporazioak hartutako konpromisoak betetzeko prest ez zeudelako, nahiz eta akordioak sinatuta izan. Azkenik, 2016an, Xabier Txurruka alkatearekin elkarlanean hasi ginen udalarekin 2009an sinatutako akordioa gauzatzeko”.

“13 urteren ondoren, azkenean, proiektu hau gauzatu da, eta, horri esker, egungo egoitzako espazio komunak handitu ahal izango dira, hauek eta lokal berriak lotuko dituen pasabide baten bidez. Lokal berri horien beheko solairuan gimnasioa, jarduera-gela, ile-apaindegia, bulego psikologikoa eta senitartekoentzako sukaldea izango dituen gune bat egongo dira. Lehenengo solairuan, aldiz, administrazio-zuzendaritzako bulegoak, prestakuntza-gela bat eta langileentzako office bat egongo dira.

Zabalegik azaldu duenez, “pandemiaren lehen olatuan izandako esperientziaren ondoren, etorkizunean izan daitezkeen pandemia berriei aurre egiteko unitate bat izatearen egokitasuna ikusi dugu. Hori dela eta, Aldapetako beheko solairua diseinatu da haren gelak edozein unetan moldatzeko, 8 pertsonari arreta eman ahal izateko behar den guztiarekin. Lokal horiek egokitzeko lanak hasi dira, eta urte amaierarako amaituta egotea espero dugu”.

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010