Asset Publisher
Back

Airearen kalitatearen txostena

Twitter

ZARAUZKO AIREAREN KALITATEA AZTERTU DU INGURUMEN DEPARTAMENTUAK

2022/06/30

Zarauzko Udaleko Ingurumen departamentuak, SERCONTROL 2000 SL enpresaren bitartez, udalerriko airearen kalitatea neurtzeko kanpaina bat jarri zuen martxan 2021 urtean zehar, trafikoak eta industriak atmosferara egiten dituzten isurketak aztertu eta ebaluatzeko.

“Azterketaren emaitzak ikusita, Zarautzen airearen kalitatea ona dela esan daiteke eta, baita ere, Industriak ez duela aparteko eraginik eta dauden emisioak trafikoak sortuak direla”, adierazi du Gloria Vazquez (PSE-EE) Ingurumen zinegotziak. “Emaitza onak izanik ere, azterketa eta kontrola egiten jarraituko dugu eta urte honetan egindako neurketekin alderatuko ditugu datuak”.

Kanpainak hainbat fase izan ditu, 2021eko uztaila eta azaroa bitartean egin zirenak. Neurketa lanak egiteko, herriko hainbat puntutan ekipo desberdinak jarri ziren eta airearen kalitateari eragiten dioten parametroen balioak erregistratuz joan ziren. Zehazki, NO2, NO, KOL (konposatu organiko lurrunkorrak) eta partikulak neurtu ziren.

Lehenbizi, monitorizazio mugikorra egin zen, zero emisioko auto elektriko baten gainean instalatutako ekipo automatiko batekin, udalerrian zehar hainbat ibilbide osatuz, neurketak egiten. Monitorizazio horretatik ateratako balioek lagundu zuten ekipo eta kaptadore finkoak instalatzeko lau puntuak hautatzen. Puntu hauek izan dira egoera kaxkarrena izan dutenak.
Neurketa ekipo estatikoak txandaka instalatu ziren faroletan udalerriko hainbat puntu adierazgarritan eta puntu bakoitzaren datuak 3-7 egunetan zehar erregistratu ziren. Fase hori uztaila eta iraila bitartean egin zen.

Azkenik, lehenengo fasean aukeratutako 4 puntutan, kaptadore finkoak jarri ziren aire laginak hartzeko udan eta udazkenean. Ondoren, jasotako laginak laborategira eraman ziren aztertzeko.

Datu guztiak bildu eta ebaluatu ondoren, Zarauzko udalerriko airearen kalitatearen kontrolari buruzko lehen txostena osatu ahal izan da.  Txosten honen ondorioa da airearen kalitateari dagozkion adierazleak onargarriak diren tarteen barruan daudela. Horrela izanik ere, nitrogeno oxidoen maila handiagoak ikusten dira trafiko-intzidentzia handiena jasaten duten eremuetan, ibilgailuen isuriek eraginda, eta bereziki, trafiko gehien izan den egunetan, hain zuzen ere, N-634 errepidean eta udako jaiegunetan.

Ondorengo eskalan ebaluatzen dira emaitzak: Ona, Onargarria, Moderatua, Pobrea, Oso txarra eta Guztiz txarra.  Zarauzko irteeran, uztaila amaieran eta San Inazioko zubiarekin bat eginda, alegia, urteko egunik txarrenean, emaitza “moderatua” izan zen eta, autopistako irteerako biribilgunean, emaitza “onargarria”. Gune horiek eta egun zehatz horiek kenduta, gainontzeko emaitza guztiak “onak” izan dira.

“Txostenean ondorioztatzen den moduan, Zarauzko bizilagunek eta bisitariek arnasten duten airearen kalitatea ona da eta aztertutako parametroen mailak erakundeen gidalerroek gomendatzen dituzten mailen barruan daude. Dena den, egoera hobetzeko, bereziki trafikoa murriztu eta arintzeko neurriak hartzea gomendatzen da. Dudarik gabe, trafikoa Zarauzko erdigunetik ateratzea bariantearen bitartez lagungarria izango da, trafikoa gutxitzea ezinbestekoa izango da bai atmosferaren kalitatearentzat eta baita zarata murrizteko” amaitu du Vazquezek.


Web Content Display

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010