Asset Publisher

Back Adierazpena Lankidetzarako kooperazioa

Twitter

GARAPENERAKO LANKIDETZAREN ETA HEZKUNTZAREN AHOLKU-BATZORDEA

2023/01/03

Erbestea konstante bat izan da gizateriaren historian, eta gurean ere bai: gu ere erbeste izan ginen, baina gaur aterpe izatea tokatzen zaigu. Irmoki sinesten dugu errefuxiatuen eskubideetan, eta, horregatik, konpromisoa hartzen dugu haiei harrera integrala eta duina emateko.

Erbestearen eta aterpearen bideak, ordea, irauli egin dira atzotik gaurrera. Gure erbestearen memoriari esker, hobeto enpatizatzen dugu gerratik, indarkeria politikotik, genero-jazarpenetik, ingurumenaren degradaziotik eta bizitzaren prekarizaziotik ihesi doazenekin.

Azken urteotan, asko igo dira nazioarteko babes bila Euskadira datozen pertsonak eta Europako beste herrialde batzuetarako bidean gure lurraldetik igarotzen direnak.

ZEHAR errefuxiatuak emandako datuen arabera, 2020an eta 2021ean Euskadik 4.809 asilo-eskatzaile hartu zituen (% 42 emakumeak ziren eta % 17 adingabeak). 2022an, berriz berraktibatzen ari dira nazioarteko babesa behar duten pertsonen joan-etorriak: aurtengo urtarriletik apirilera bitartean, dagoeneko, ia 1.287 eskaera erregistratu dira, hau da, 2021 osoan aurkeztutakoen % 75.

Kopuru horri, gainera, Ukrainako gerratik ihesi iritsi direnak gehitu egin behar zaizkio; horiek aldi baterako babeserako mekanismo espezifiko bat dute, lehen aldiz 2001/55 Zuzentaraua aktibatu delako.

Euskadi, beraz, pasabide edo helmuga garrantzitsu batean bihurtu da errefuxiatuentzat. Euskadin geratzen direnen kasuan, babes-aitorpenen tasa hain eskasa izanik, ezinezkoa zaie eskubideak eta zerbitzuak eskuratzea eta, ondorioz, inklusioa lortzea; egoera horrek zaurgarritasunera bultzatzen ditu pertsona asko eta asko. 2020tik 2021era, Espainiako Estatuan, gutxi gorabehera % 7 eskatzaileri aitortu zitzaien nazioarteko babesa. Europako Batasunean % 30 baino gehiago aitortu ziren. Arrazoi humanitarioengatik bizilekua baimentzeko bidea, praktikan, Venezuelatik datozenenekin bakarrik erabiltzen da. Bide horrek dokumentazioa eta gizarteratzea errazten ditu, nahiz eta eskatzaileak ez diren errefuxiatutzat hartzen.

Ondorioz, nazioarteko babes-eskaera ukatzen zaien pertsonak (gehienak), bat-batean, egoera irregularrean geratzen dira. Lana baldin badaukate, segituan galtzen dute. Harrera-sistemaren barruan bazeuden, berehala ateratzen dira (15 egunetan), alternatiba juridiko eta sozialik gabe. Egoera horrek inpaktu izugarria du bai udaletako gizarte-zerbitzuetan, bai migratzaileen kolektiboekin eta gizarte-bazterketa arriskuan dauden pertsonekin lan egiten duten beste gizarte-erakunde batzuetan.

Muga, nazioarteko babes edo atzerritartasun politikak Estatuaren eskumenekoak badira ere, berez tokiko erakundeetan kudeatzen dira unean uneko premiak, benetako harrera, integrazioa eta elkarbizitza. Gizarte-zerbitzuen arloan, ordea, Autonomia Erkidegoak dauka eskumena; horrek esan nahi du euskal botere publikoen zeregina dela zenbait baldintza sustatzea eta oztopoak kentzea pertsonen eta taldeen askatasuna eta berdintasuna eraginkorrak eta benetakoak izateko.

Zeregin horretan, funtsezko papera jokatzen dute herri eta hiriek. Horrexegatik, Zarauzko Udalak honako hau eskatzen dio Espainiako Gobernuari:

1.    Nazioarteko babesa aitortzeko estandarrak berma ditzala, Europako gainerako demokraziekin bat etorriz.
2.    Pertsona guztien asilo-eskubidea ziurta dezala, jatorrizko herrialdea edozein dela ere. Ukrainako krisiak agerian utzi du borondate politikoa dagoenean mekanismoak badaudela nazioarteko babesa behar dutenak hartzeko.
3.    Nazioarteko babes-eskatzaileentzako harrera-sistema malgua eta iraunkorra ziurta dezala, pertsonengan zentratutako gizarteratze-prozesu eraginkorrak bermatzeko. Sistema hori egokituta egon dadila gure herrialdeko gizarte eta lan aldaketetara, bitartekoak izan ditzala behar bereziak dituztenei arreta emateko, eta, aldi berean, kontuan har dezala pertsonen aniztasuna (besteak beste, generoa eta sexu-joera, erlijioa, kultura, adina…).
4.    Tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko lege integrala onar dezala, eta tratu-berdintasunerako eta diskriminaziorik ezerako organo independente bat sortu; horietan baliabideak jar daitezela diskriminazioaren biktimei arreta, laguntza eta erreparazioa emateko, eta izaera eta arlo desberdinetako politika eta eragile diskriminatzaileak zaintzeko eta haietan eragiteko.
5.    Pertsona-salerosketaren biktimen babes eta laguntzarako lege integrala onar dezala.

Eta, aldi berean, Zarauzko Udalak, bere arloan, ondorengo konpromisoak hartzen ditu, gainerako administrazio publikoekin koordinatuta:

1.    Kontuan hartuko du nazioarteko babes-premian dauden pertsonek eta aberrigabeek nolako zailtasunak dituzten, besteak beste, etxebizitza soziala lortzeko edo gizarte, hezkuntza, osasun eta kultur mailako baliabide eta prestazioak eskuratzeko. Beraz, kontuan hartuko dira egoera bereziki ahulean dauden pertsonak, alegia, genero-arrazoiengatik jazarpena jasan duten emakumeak edo indarkeria matxista bizitzen ari direnak.
2.    Diskurtso diskriminatzaile eta xenofoboei aurre egingo die, prebentzio eta monitoreo neurriak hartuta; eta integrazio, bizikidetza, berdintasun eta diskriminaziorik ezeko planak diseinatzea eta eraginkortasunez inplementatzea bermatuko du, administrazioaren maila guztietan, ikuspegi komunitariotik eta beharrezkoa den dirua jarrita.
3.    Herritarrei zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak egingo ditu, errefuxiatuak eta migratzaileak gizarteratzeko eta guztion elkarbizitzan laguntzeko, adibidez, zurrumurruen aurkako estrategien bidez.
4.    Diskurtso arrazisten eta xenofoboen aurkako jarrera irmoa izango du, eta arreta berezia jarriko du diskurtso politikoek immigrazioa instrumentalizatu ez dezaten eta gorrotoaren bidez gizarte-haustura sustatu ez dezaten.
5.    Zerbitzu publikoetan arreta emango zaie tratu-desberdintasunaren eta diskriminazioaren biktimei.
6.    Memoria historikoa balioan jarriko du, duela ez hainbeste, gu ere erbeste izan ginelako. Orain aterpe izatea tokatzen zaigu.

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010