Asset Publisher

Back 39. Lizardi Sariaren irabazlea

Twitter

YOLANDA LARREATEGUI DURALDEK IRABAZI DU 39. LIZARDI SARIA “UR ETA LUR” LANAREKIN

2021/03/11

Markina-Xemeineko Yolanda Larreategik irabazi du Zarauzko Udaleko Kultura Departamentuak antolatu duen 39. Lizardi Saria, Ur eta Lur lanarekin. 33 lan aurkeztu dira lehiaketara, eta Yolandarena hautatu du, Kati Olaizolak, Alex Gurrutxagak, Yolanda Arrietak eta Idoia Garzesek osatutako epaimahaiak.

Irabazleak 4.000 € jasoko ditu, eta ipuin saritua Zarauzko Udalak argitaraziko du, sei hilabeteko epean, marrazkiez ederturik.

Larreategik lehendik argitara emanak ditu Zaharrak berri, euriak (PERU ABARKA SARIA-2006, Elena Odriozolak ilustratua) eta Bi txantxangorri haritz adarrean (PERU ABARKA SARIA-2020, Malen Amenabarrek ilustratua).

Epaimahaiaren hitzetan:

Ur eta Lur narrazioak lehen esalditik bertatik kokatzen du irakurlea mundu fantastiko batean.

Istorio honek Japonia aldera garamatza, nenufar eta banbuzko paisaietara. Eremu hartan emandako pauso txikien bidez, protagonistek hainbat gai azaleratzen dituzte; guztien artean, indar apartekoa hartzen du heriotzarenak. Melodramatismotik eta didaktismotik urrun, “goian egotea” existentziaren baldintza ezinbesteko gisa dago integratua Ur eta Lurren.

Estiloari dagokionez, orekatua da narrazioaren eta elkarrizketaren arteko konbinazioa, eta bada kontaketari are kolore gehiago ematen dion elementurik ere —abestitxo bat eta postal bat—. Aipagarria da, halaber, ipuinari etengabe darion umore fina, irakurlea konplize egiten duen enuntziazioa. Eta konplizitate hori are gehiago indartzen dute irakurleari han eta hemen egiten zaizkion apelazioek. Azkenik, esan dezagun tonu orokorra aski polit eta egokia dela zortzi bat urtetik gorako irakurleentzat.

Saria apirilaren 18an banatuko da, goizeko 11:30ean, Modelo Aretoan, Xabier Lizardi jaio zeneko 125. urteurren egunean.

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010