Asset Publisher

139 Etxebizitza Tasatu Salberdinen

Twitter

SALBERDINEKO 139 ETXEBIZITZA TASATUEN ZOZKETAN IZENA EMATEKO EPEA ZABALIK

2023/11/17

Xabier Txurruka (EAJ-PNV) alkateak eta Promociones Salbideko Mikel Soralucek jakinarazi dute zabalik direla jada Salberdineko R10, R11, R12 eta R13 partzeletako 139 etxebizitza tasatuen zozketetan izena emateko epeak.

“Etxebizitza kopuruari dagokionez, Zarautzen inoiz egin den etxebizitza tasatuen promoziorik garrantzitsuena da hau”, adierazi du Txurrukak. “Badakigu asko direla zozketa hau gauzatzeko esperoan dauden zarauztarrak, hau izango baita Salberdin auzoan egingo den jabetzako babestutako etxebizitzen azken zozketa. Hala ere, oraindik badira alokairura zuzendutako etxebizitzak Salberdinen esleitzeko, behin horien eraikuntza amaitzen denean: alde batetik, AD partzelan Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailak sustatzen dituen 60 zuzkidura apartamentuak eta, bestetik, R9 partzelan VISESAK sustaturiko 94 Babes Ofizialeko Etxebizitzak. Azpimarratzekoa da, etxebizitza guztiak eraikita daudenean, Salberdineko auzo berri honetan babestutako 557 etxebizitza izango direla, horietatik 154 alokairura zuzenduta”, azpimarratu du alkateak.

Bere aldetik, Mikel Soralucek, Promociones Salbideko gerenteak, adierazi duenez, “asko pozten Salberdin hegoaldeko etxebizitza libre eta tasatuen lanekin hasteak, 20 urte hauetako hirigintza-kudeaketaren azken fasera iritsi baikara. Promociones Salbiderentzat ohore bat da, gainera, urbanizazio berri honetako 130 etxebizitza libreez gain, 139 etxebizitza tasatu hauek sustatzea, Zarauzko bizilagun askok beren jaioterrian epe luzerako bizi-proiektua izatea ahalbidetuko baitute”.

Hori horrela, 2023ko azaroaren 6an egindako bilkuran, Zarauzko Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak onespena eman zion Promociones Salbidek (Grupo Sorelor) sustaturiko 10.2 —Salberdin— areako R10, R11, R12 eta R13 partzeletan eraikitzeko lizentziei. Sustatzaileak dagoeneko aurkeztu du Udalean babesturiko etxebizitzen proiektua, eta zozkatuko diren 139 etxebizitza tasatuen programa honela banatuta dago:

-    Lehen zozketa: R10, R11 eta R13 partzeletako Erregimen Bereziko 94 Etxebizitza tasatu:

o    Bi logelako 6 etxebizitza (etxebizitza egokituak), mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetakoak.
o    Bi logelako 34 etxebizitza.
o    Hiru logelako 53 etxebizitza.
o    Lau logelako etxebizitza 1.

-    Bigarren zozketa: R12 partzelako Erregimen Orokorreko 45 Etxebizitza Tasatu:

o    Bi logelako 2 etxebizitza (etxebizitza egokituak), mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat gordetakoak.
o    Bi logelako 21 etxebizitza.
o    Hiru logelako 21 etxebizitza.
o    Lau logelako etxebizitza 1.

Udalak Zarautz Lur, S.A. Udal Etxebizitza Bulego Publikoari enkargatuko dio Etxebizitza Tasatuen eskatzaileen zerrendak prestatzea. Esleipen-prozeduraren oinarriak gaur bertan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu ondoren, bihartik aurrera 30 egun naturaleko epea irekiko da ETXEBIDE Babes Publikoko Etxebizitzak esleitzeko Zerbitzu Publikoan izena emanda dauden pertsonak eta bizikidetza-unitateak zerrendetan sartu ahal izateko. Beraz, izena emateko azken eguna 2023ko abenduaren 18a izango da.

Zerrendan izena emateko, eskatzaileek honako baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:

-    ETXEBIDE Babes Publikoko Etxebizitza Esleitzeko Zerbitzu Publikoaren Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alta emanda egotea 2024ko urtarrilaren 15ean.

-    EGOITZA: Zarautzen erroldatuta egon beharra. Zozketaren oinarriak onartu ziren egunetik zenbatzen hasita, etengabe gutxienez 5 urtez edo, etenaldiekin edo gabe gutxienez 10 urtez egon beharko du erroldatuta bizikidetza-familiako kideren batek.

-    ERRENTA: 2022eko ekitaldiko diru-sarrera haztatuak hartuko dira kontuan eta bi zozketetan parte hartzeko baldintzak desberdinak izango dira

o    Erregimen Bereziko Etxebizitza Tasatuen onuradunen gehienezko diru-sarrera haztatuak 55.009,50 euro izango dira eta gutxienekoak, aldiz, 15.600 euro.

o    Erregimen Orokorreko Etxebizitza Tasatuen onuradunen gehienezko diru-sarrera haztatuak 63.472,50 euro izango dira eta gutxienekoak, aldiz, 18.000 euro.

Izen ematea

Eskaera orria modu presentzialean aurkeztu daiteke astelehenetik, azaroaren 20tik, aurrera Zarautz-Lurren bulegoan (Salegi kalea 14) edo modu telematikoan, bihartik aurrera, azaroak 18, larunbata, Udalaren web atariko egoitza elektronikoaren bitartez. Izena emateko azken eguna 2023ko abenduaren 18a izango da.

Pertsona edo bizikidetza-unitateko eskaera bakarra onartuko da. Dokumentazio guztia salerosketako kontratu pribatua sinatu baino lehen aurkeztu beharko da.

Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izena emateko eskaera, eskaera-eredu ofizialean aurkeztuko da. Eredu hori eskura egongo da Zarautz-Lurren bulegoan (Salegi kalea 14), udal webgunean (www.zarautz.eus) edota sustatzailearen webgunean (www.gruposorelor.com).

Prezioak

Bi zozketa hauetan esleituko diren etxebizitza guztiek trastelekua eta garajea izango dute eraikinaren sotoan. Erregimen Bereziko Etxebizitza Tasatuei dagokionez, prezioak 235.480,17 euro (bi logelako etxebizitza) eta 310.645,90 euroren (lau logelako etxebizitza) bitartean izango dira, garajea eta trastelekua barne. Erregimen Orokorreko Etxebizitza Tasatuen kasuan, prezioak 291.352,01 euro (bi logelako etxebizitza) eta 374.855,46 euroren (lau logelako etxebizitza) bitartean izango dira, garajea eta trastelekua barne.

 

 

(Informazioa gehiago hemen)

 

Bilatuenak

Bilatuenak

  • Larrialdiak
    112
  • Udaltzaingoa
    943 005 115
  • Udal Informazioa
    943 005 100
    Udal Informazioa Zarauztik
    010